Ortega Bretos, Ainhoa

Turismoak: gaur egungo turismoari buruzko gogoeta egiteko erakusketa

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du, eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egongo da ikusgai irailaren 30era arte. 

Gaur egungo turismo politika eta eredua salatzeko hainbat mobilizazio egon dira azken hilabetetan. Horren harira, bidaiaren masifikazioak eragindako gizarte eta hiri aldaketa irudikatu nahi ditu 'Turismoak' izeneko erakusketak.

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura eta Turismo Diputatuak azaldu duenez, "erabat masifikatu eta industrializatu da bidaiaren fenomenoa". Hori dela eta, turismoaren inguruko hausnarketa egitea "ondo datorrela" esan du, bere hitzetan: "Jakin behar dugu nora joan nahi dugun eta nora ez dugun joan nahi, zein eredu nahi dugun eta zein ez". 

Erakusketa irailaren 30erarte egongo da ikusgai, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean, eta ondorengo egileen lanak izango dira bertan: Juan Aizpitarte, Sergio Belinchón, Gianni Berengo-Gardin, Philip Brink eta Marieke van der Velde, Eduardo Chibás, Derwald, Ilja Kok & Willem Timmers, Rogelio López Cuenca, Antoni Muntadas, Andreas Nagel, Andreas Pichler, Ambroise Tézenas, Corinne Vionnet, Massimo Vitali eta Dougie Wallace.