GUREAN GAUR

Euskal presoen eskubideen aldeko aldarriak Paris hartu du

11000 lagunek hartu dute parte Frantziar Estatuko hiriburuan euskal presoen auziari konponbidean jartzea eskatzeko. Bertan, Ipar Euskal Herrian lortutako adotasun sozial zabalak oihartzuna izan du. Euskarazko hedabideok saio berezia osatu dugu bertatik.

Aurretik, Ipar Euskal Herriko diputatuen ordezkaritza bat Reauko kartzelan EPPK-ren mintzakide diren Maixol Iparragirre eta Mikel Albisurekin elkartu ziren Vincent Bru zentrista, Max Brisson errepublikanoa eta Jose Bove ekologistaPozik atera dira bilkuratik eta ondoren Fleuryko espetxera abiatu dira. Bertan, Irati Elizalde, Nekane Zinkunegi eta Eñaut Gantxegi lankideek xehetasun guztiak ekarri dizkigute. Bestalde, Durangoko Azokaren bigarren egunean, ikasleak protagonista. Sormenaren lurraldean, Berri Txarrak, Joseba Irazoki, Izaro Andres, Maider Zabalegi edo Governors taldearekin egoteko beta izan dugu.

Euskal presoen afera soluzio bidean jarri asmoz, Ipar Euskal Herriko 1007 hautetsiek bat egin dute abenduaren 9an Parisen egitekoa den manifestazioarekin. Euren artean, Jean René Etchegaray Euskal Lurralde Elkargoko presidentea edo udalerrietako 98 alkate. Indar politiko guztietako ordezkariek azaldu dute euren atxikimendua.

Ipar Euskal Herrian adostasun eta akordio zabalak erdietsi ostean, euskal presoen auzia Frantziar Estatuko hiriburura eramango dute asteburu honetan abenduaren 9ko manifestazioarekin. Sentsibilitate eta ideologia anitzetako ordezkariak, askotariko eragileak eta siglen gainetik ikuspegi orokorra baliatuz, presoen afera bakea lortzeko giltzarri gisa kokatu du gehiengo sozialak. Larunbatean, Hamaika Telebistak martxa zuzenean eskainiko du 09:30etatik aurrera, 11:00etan, Montparnassetik, euskarazko hedabideon arteko elkarlanean saio berezia osatuko dugu.

Euskal Herrian trenak, autobusak eta hegazkinak betetzen ari diren bitartean, Frantziar Estatuan harreman dinamikak aurrera segitzen du. Horren lekuko da Bagoaz-ek antolatutako espetxe bira. Asteburuan, Alençon-go espetxean egon dira eta aurreko asteetan bezala, ordezkari politiko eta sozial ezberdinekin bilkurak egin zituzten. Ondoren, Lillera heldu ziren, Frantziar Estatuko iparraldean eta handik Clar¡irvaux-eko kartzelara, bertako zuzendariarekin bilduz.

Hala azaldu zigun Bagoaz-eko kide den Emilie Martin-ek Gurean Gaur+ saioan. Furgonetan doa eta bira honetan zehar egindakoen inguruko gogoetak plazaratu zituen. Esan bezala, ordezkari politikoekin, jendarte eragileekin, giza eskubideen alorrean lanean ari diren taldeekin eta espetxetako zuzendariekin elkartu dira. Espetxe politika eraldatzea, sakabanaketaren amaitu eta eri dauden presoak askatzea komuneko eskaerak dira.

Ipar Euskal Herriko hautetsiek babesa azaldu zuten ekitaldian, Etchegarayrekin batera, Bakearen Artisaua den Mixel Berhokoirigoin-ek eta Bake Bidea-ko kide den Anaiz Funosas-ek hartu zuten hitza. Aurretik, Pariseko herriko etxeak, aho batez mobilizazioarekin bat egin zuen.


Funosasek harreman dinamikaren garrantziaz ohartarazi zuen eta Frantziar Estatuan lortzen ari diren jarrera positiboa aurretik «Ipar Euskal Herrian lortutako adostasun zabalean oinarritzen dela» azaldu zuen Gurean Gaur+ saioan Ekhiñe Atorrasagasti lankidearekin egindako elkarrizketan.

Saioan, Pariseko mobilizazioarekin batera, urtarrilaren 13an Bilbon deitutako manifestazioa izan genuen hizpide. Horretarako, Sare-ko kide den Inaxio Oiartzabal eta Egoitz Askasibar irakaslea izan genituen gurekin. Oiartzabalek azaldu zuenez, aurten, egun osoko egitaraua prestatu dute Bizkaiko hiriburuko hitzorduan.

Mobilizazioari dagokionez, lehen hitzordua 11:30ean izango da, Montparnass-eko tren geltokian. Ondoren, espetxe birari harrera egin ostean, 12:30ean, manifestazioa abiatuko da sound system kamioi eta guzti. Bertatik, zuzenean arituko dira Fermin Muguruza eta Bad Sound System, Zebda taldeko Mouss eta Hakim edo Oreka Tx-en tamainako musikariak. Hitz hartzeak amaituta, tren edo autobusetara itzultzeko garaia helduko da. Parisen geratuko direnek, Euskal Etxean gaualdia egiteko aukera izango dute.

Hamaika Telebistak jarraipen berezia egingo du

Irati Elizalde, Nekane Zinkunegi, Eñaut Gantxegi, Amaia Eneterreaga eta Izaskun Barber bertan daude. Horiek horrela, manifestazioaren bezperako berri guztiak biltzen ari dira, Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoek Asanblada Nazionalean egindako agerraldia barne.

Hamaika Telebista Luzio Urtubia militante anarkistaren etxean da Parisen. Euskal presoen etxeratzearen aldeko aldarria ozen entzungo delakoan da Urtubia: "Jendetza etorriko da Parisa. Sekulakoa da herritarrek egin dutena. Ez zaudete bakarrik. Benetan haundia da".

Ez da Eñaut Gantxegi gure Zokorriztaren lan bakarra, Paris ezagutzen ibili delako. Montparnass-eko geltokia arakatzen.

Frantziako hiriburuko berri zuzena izango dugu egunotan eta  larunbateko manifestazioa zuzenean eskeiniko dizue Hamaika Telebistak goizeko 09:30etatik aurrera hasiko dugun saio berezian. Ekhiñe Atorrasagasti eta Beñat Zarrabeitiak egunotako gertaeren errepasoa egingo dute Bilbotik Parisa bidean diren euskal herritarren agurrei tarte emanez. 11:00etan Parisa joko dugu Montparnassetik euskal hedabideekin batera egingo dugun saio bereziarekin.

«Luhuso berri bat» Frantziar Estatuko hiriburuan

Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta eta Bakearen Artisauek deituta, abenduaren 9an Parisen egingo den manifestaziorako deia egin dute gaur eguerdian Bilbon gizarte zibileko erakundeetako ordezkari eta norbanakoek.