GUREAN GAUR

Nor da Veljko Mrsic? Bilbao Basket-en entrenatzaile berria ezagutu

Bizkaitarrek Carles Duran kargutik kendu dute eta haren ordez prestatzaile kroaziarra fitxatu dute denboraldia bukatu bitartean. ACB Ligan hamaseigarren postuan daude, hiru garaipenekin eta Eurocup-en partida bakarra irabazi dute. Mrsic-ek bere herriko Cedevita zuzendu du aurretik.

Aurreko astean zehar zurrumurru ugari sortu arren, albistea igande gauean zabaldu zen. Bizkaiko egunkari batera egindako filtrazioan, Carles Duran kargutik kendu behar zutela iragatzen zuten. Hurrengo egunean, baieztapen ofizialaren berri izan genuen. Kataluniarrak sare sozialak erabili ditu egoera onartu eta zaletuei eskerrak emateko.

Dusko Ivanovic eta Veljko Mrsic-en izenak entzun dira azken egunetan eta azkenean kroaziarraren etorrera baieztatu da. 46 urteko prestatzailea Bilbora iritsiko da, aurrez bere herriko Cedevitaren entrenatzaile gisa aritu ostean. Orain, Bilbao Basket-en bidea zuzendu, jaitsiera postuetatik aldendu eta Eurocup-en hurrengo faserako txartela eskuratzea dira bere helburu nagusiak. Momentuz, denboraldia bukatu bitarteko kontratua sinatu du.

 

Sona handiko gizona da Mrsic Europako saskibaloian. 90ko hamarkadaren hasieran, independentziaren ondorengo lehen urteetan, Kroaziako selekzioaren urrezko belaunaldiaren parte izan zen. 1993, Drazen Petrovic-en heriotzaren hurrengo asteetan, eta 1995 Europako txapelketetan hirugarren postua eskuratu zuen jokalari gisa, baita 1994ko munduko txapelketan ere. Garai hartan, Kroaziako taldearen baitan Toni Kukoc, Dino Radja, Zan Tabak, Stefan Vrankovic, Arijan Komazek, Vlada Alanovic, Velimir Perasovic edo Danko Cvjeticanin bezalako jokalariak zeuden. Dominen ondorengo trantsizio horretan, Mrsic-ek bere herriko selekzioaren parte izaten jarraitu zuen talentu handiko beste jokalari batzuekin, Josip Sesar, Damir Mulaomerovic, Gordan Giricek, Slaven Rimac edo Nikola Vujcic. Bilbao Basket-en entrenatzaile berriak, 1999 eta 2001eko Eurobasket txapelketak jokatu zituen baita.

Ibilbide luzeko hegaleko fina izan zen. Horiek horrela, bere Zagreb-eko Cibonan, Kaunas-eko Zalgiris-en, Varesen, Unicajan, Olympiacos-en, Gironan eta Milan-en ibili zen, 2005ean saskibaloia utzi arte.

2014-2015 denboraldiaren amaieran, laguntzaile lanak bete ostean, Cedevita taldeko entrenatzaile izendatu zuten Jasmin Repesa ordezkatuz. Hurrengo kurtsoan, Kroaziako txapelketa irabazi eta Adriatikoko Ligan finalerdietara iritsi ziren. 2016-2017 denboraldian Kroazian garaile izan arren eta Adriatikoko Liga jokatu arren, Cedevitak haren kontratua eten zuen maiatzean. Orain, Bilbon ibilbide berria osatuko du.