GUREAN GAUR

51 filmek osatuko dute Bilbao Mendi Film Festivalen 10. edizioa

Abenduaren 8tik 17ra artean mendi zinemagintzaren hiriburu bilakatuko da Bilbo. Aurtengo egitarauan nabarmentzekoa da emakumezkoen protagonismoa, alpinismo zein komunikazio arloan. Sail Ofiziala Jennifer Peedom zuzendariaren Mountain filmak zabalduko du Euskalduna Jauregian ospatuko den hasiera ekitaldian.

BILBAO MENDI FILM FESTIVAL 2017_TRAILER from Mendi Film Festival on Vimeo.

Aipatu bezala, emakumezkoek pisu gehiago izango dute edizio berri honetan. Abenduaren 9tik 11ra  bitartean, Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu eta Edurne Pasabanek, mahai inguruetarako solaskide paregabeak izango dituzte aldamenean. Besteak beste, Bernadette McDonald idazlea, Katie Ives Alpinist aldizkariko editorea, Lara Izagirre zinemagilea bizkaitarra edo Luisa Alonso-Cires Pyrenaica aldizkariko zuzendaria.

Gizonezkoei dagokionez, Jack Tacklek bere ibilbidearen inguruko hitzaldia eskainiko du abenduaren 13an. Bestalde, Peter Habeler izango da aurtengo The Walk On Project omendua, abenduaren 16an Juanjo San Sebastian-ekin batera arituko da. 

Orotara 51 filmek osatuko dute aurtengo edizioko sail ofiziala, ondorengo jatorriekin: Amerikar Estatu Batuak (9 filma), Kanada (7), Euskal Herria (4), Alemania (4), Espainia (4), Erresuma Batua (4), Austria (4), Australia (3), Frantzia (3), Italia (2), Argentina (1), Bulgaria (1), Eslovakia (1), Polonia (1), Suitza (1) eta Txina (1), eta baita Erresuma Batua eta Frantzia arteko koprodukzio bat ere. Lanak ondorengo guneetan ikusi ahal izango dira, BBK Aretoan, Azkuna Zentruko Golem zinemetan, Euskalduna Jauregian, Zabalguneko Eraikinean eta Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko egoitzan. 

Sarrerak dagoeneko eskuragai daude Bilbao Mendi Film Festival-en webgune ofizialean eta aurretiaz erosteak %25-ko deskontua izango du.