GUREAN GAUR

Junquerasek, Fornek, Cuixartek eta Sanchezek espetxean jarraitu beharko dute, besteak bermepean aske

Pablo Llarena epailearen aginduz, Kataluniako gobernuko gainerako kontseilariak aske geratuko dira 100000 eurotako bermea ordaindu ostean. Horrekin batera, Carles Puigdemont eta Belgikan dauden kontseilarien aurkakako euroaginduak bertan behera uztea erabaki du. Ondorioz, bertako justiziaren aurrean euren argudioak azaldu ostean epaileak abenduaren 14an erabakiko du. Bassa, Borras, Mundó, Romeva, Rull eta Turrull espetxetik atera eta harrera beroak jaso dituzte, sareetan eskertza mezuak zabalduz.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaile den Pablo Llarenak Oriol Junqueras Kataluniako gobernuko presidenteordeak, Joaquim Form gobernu bereko Barne kontseilariak, ANC-ko presidentea den Jordi Sanchezek eta Omnium Cultural elkarteko presidentea den Jordi Cuixartek espetxean jarraitu beharko dutela ebatzi du. Aldiz, kartzeleratuta zeuden beste sei kontseilarientzat 100000 eurotako bermea eskatu zuen euren askatasuna berreskuratzeko. Ondorioz, Carles Mundó, Raül Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Meritxell Borras eta Dolors Bassa kontseilariak Estremera eta Alcala Meco-ko kartzeletarik atera dira. ANC-k bermeak ordaindu ditu eta arratsaldean irtetea espero da, Kataluniara bueltatzeko. Llarenak, hala ere, neurri ezberdinak ezarri dizkit, astero Kataluniako Auzitegi Nagusian aurkeztu beharko dute eta pasaportea erretiratu die.

Bertan, libre geratu direnei harrera egiteaz gain, aske geratu diren aurrenekoak Dolors Bassa eta Meritxell Borras izan ziren, Estremeratik 16:00ak aldera aterata.

Gainerakoen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzeak deitu zituzten. Gehienak, 20:00etan, udaletxeen aurrean, baina ez ziren mobilizazio bakarrak izan. Carles Mundó-k ERC-ren ekitaldi politikoan parte hartu zuen. GUREAN GAUR: Horrela jaso zuten Carles Mundó kontseilaria, espetxetik atera berri, atzo ERCk egindako ekitaldian.

Josep Rull eta Jordi Turull-ek agerraldi publikoa egin dute Bartzelonan, bertan Carles Puigdemont-ek eta Bruselan dauden beste lau kontseilariek skype bidezko interbentzioa egin dute. Biek ala biak duintasunari egin diote erreferentzia, Espainiar Estatuak umiliatu nahi izan dituela salatuz.

Llarenaren erabakiak -gogoratu Forcadell eta Parlament-eko mahaikideen auzia zein Josep Lluis Trapero Mossos D'Escuadra-ko buru ohiaren kasua ere bera gain daudela- erreakzio ugari sorrarazi ditu.

Belgikan, abenduaren 14an hartuko dute erabakia

Atzo, eguneko beste arreta puntua Bruselan zegoen. Izan ere, bertan, Carles Puigdemont presidenteak eta Toni Comin, Meritxell Serret, Clara Ponsatí eta Lluis Puig kontseilariek Belgikako justiziaren aurrean azaldu behar zuten. Puigdemont-en abokatu taldeko kide den Paul Bekaert jurista ezagunak adierazitakoaren arabera «Espainiak giza eskubideak urratzen ditu eta leporatutako delituak Belgikan ez direla delitutzat hartzen» nabarmendu du. Fiskaltzak, ordea, extradizioa defendatu du.

Gaurkoan, panorama asko argitu dezakeen erabakia hartu du Pablo Llarenak Madrilen, Espainiako Auzitegi Gorenak Puigdemont, Comin, Serret, Ponsatí eta Puig-en aurkako Europako atxilotze aginduak bertan behera utzi ditu.

Horiek horrela, Jaume Alonso-Cuevillas abokatuak baieztatu duenez, lehen instantziako epaileak abenduaren 14an erabakiko du Puigdemont eta beste lau gobernukideen aurkako euroaginduen inguruan. Aurretik, hilaren 7an, entitate subiranistek deituta, mobilizazio jendetsua egingo dute Bruselan.

Inkestetan, Puigdemont eta Cs gorantzako joeran

Bitartean, Katalunian, hasi da abenduaren 21ean, 155. artikuluaren aplikazioaren ondorioz, deitutako hauteskundeen kanpaina. Alderdi guztiek euren ekitaldiekin edo hautagaien aurkezpenekin segitzen dute, baita telebista bidezko eztabaida saioekin. Horiek horrela, azken orduetan, inkesta ezberdinak aditzera eman dituzte Espainiar Estatuko hedabideek zein CIS-ek. Guztietan, antzeko tendentziak antzematen dira. Batetik, ERC-ren beherakada, nahiz eta lehen indar bezala ageri eta, bestetik, Puigdemont-ek gidatutako Junts per Catalunya eta Ciutadans-ek gorakadak. Inkesten arabera, gainera, Puigdemont da presidente izateko babes herritar gehien izango lukeen hautagaia.

Independentismoa, berriro ere, gehiengo absolututik gertu egongo litzateke inkesta batzuen arabera, beste batzuetan aise gaindituko luke. Miquel Iceta buru duen PSC-k emaitza hobeak izango lituzke eta aldiz PPk eta bereziki En Comú Podem-ek sekulako beherakada izan dezakete. Eserlekuetan, azkeneko bi alderdiak izateraino. Aldiz, CUP-ek ondo eutsiko lioke enbatari, parlamentariren bat galtzeko arriskuarekin.

Lehia botoetan zein eserleku kopuruan dago eta independentismoari osoko emendakina egin nahi diotenak zein urriaren 1eko erreferenduma berretsi nahi dutenek, indar guztiak jarriko dituzte mahai gainean herritarrak konbentzitzeko. Hamaika Telebistan jarraipen berezia eskainiko diogu hauteskunde kanpainari.

Kanpaina hasiera


Hamaika Telebista