Ortega Bretos, Ainhoa

Iazko San Ferminetan emakume bat bortxatzeagatik espetxeratutako 5 gizonek kartzelan jarraituko dute

Epaiketa iritsi bitartean behin-behineko askatasuna eskatu zuten bost gizonek. Helarazi dutenez, udazkenean izango da epaiketa. 

Nafarroako Lurralde Auzitegiak ez du onartu bost akusatuen eskaera, eta behin behineko espetxealdian mantendu behar direla ebatzi du. Fiskaltzak 22 urte eta hamar hilabete arteko espetxe zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat, 2016ko San Ferminetan emakume bat bortxatzea leporatuta.  

Magistratuen artean boto partikular bat izan da. Kartzelan egotea baino, beste alternatiba batzuk daudela adierazi du: 6.000 euroko fidantza ordaintzea, etxebizitza batean sartzea momentu oro eurekin harremanetan egon ahal izateko, telefono bidezko kontaktua mantentzea eta pasaportea kentzea.