GUREAN GAUR

Eibarrek Fabian Orellana txiletarra aurkeztu du

Eskarmentu eta kalitate handiko erdilaria da eta Valentziak utzita Ipuruan jokatuko du denboraldia amaitu bitartean. Ondoren, armaginek, derrigor, jokalaria erosteko klausula errespetatu beharko dute.

31 urteko jokalariak, 32 egingo ditu urtarrilean, ibilbide luzea egin du Europan zein bere herriko selekzioarekin. Marcelo Bielsaren agindupean La Roja-ren lehen talderako deitu zuten 2008an eta geroztik 40 partida jokatu ditu eta 2010 eta 2014ko munduko txapelketetan parte hartu du.

Txileko Audax Italianon hasi ondoren, Xerez, Granada, Celta eta Valentzian jokatu, mailarik onena Vigon eskainiz. Baina, bertan, Eduardo Berizzorekin izandako liskarrek Mestallara eraman zuten. Valentzian urtebete eman ondoren, Marcelino entrenatzailearen konfiantza irabazi ez eta Eibarrerako bidea hartu du. Armaginen erdigunean, talentu handiko futbolaria izanik, kalitatezko jauzia eskaini eta Pedro Leon zein Fran Ricoren hutsunek leuntzen lagunduko du.

Iragan den denboraldian giltzarri izandako hainbat jokalari min hartuta daude eta baliteke defentsaren erdigunean Eibarrek beste fitxaketaren bat egitea neguko merkatuan.

Hiru garaipen errenkadan lortu ostean, Jose Luis Mendilibarren mutilak momentu gozoa bizitzen ari dira. Bederatzi puntu eskuratzeaz gain, hamar gol sartu dituzte eta jaitsiera postuak urrundu dituzte. Espanyolen aurkako partidan Aitzol Atutxa aizkolari bizkaitarra omendu zuen klubak.

Hamaika Telebista