GUREAN GAUR

Maialen Lujanbioren bigarren txapela

Hernaniarraren bigarren koroa, aurrenekoa 2009an eskuratu zuen, txapelketa nagusian: #BTN17 Maialen Lujanbio 1756; Aitor Mendiluze 1680,5; Sustrai Colina 1137,5; Amets Arzallus 1136; Igor Elortza 1124; Aitor Sarriegi 1107,5; Beñat Gaztelumendi 1076,5; Unai Agirre 1072,5

 

Duela lau urteko zitarekin alderatuta, zazpi bertsolarik errepikatuko dute eta Unai Agirre da berrikuntza nagusia, Unai Iturriagaren ordez sartuta. Durangarrak uko egin zion txapelketan parte hartzeari. Bestalde, nabarmentzeko elementu gisa, berriro ere, emakumezko bakarra izango da, Maialen Lujanbio hain zuzen ere.

Orotara 43 bertsolarik hartu dute parte 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Lehia, irailaren 23an abiatu zen Baigorrin. Denera, bi arabarrek, hamaika bizkaitarrek, hogeitabat gipuzkoarrek, lau nafarrek eta Ipar Euskal Herriko bost bertsolarik hartu dute.

Aipatu bezala, laurdenak Baigorrin abiatu ziren, ondoren Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia eta Tolosako saioak osatuz. Behin lehenengo kriba osatuta, laurdenetako probetako irabazle gisa Alaia Martin, Jon Martin, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue sailkatu ziren. Puntuazioaren arabera, aldiz, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Unai Agirre, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Jon Maia, Jone Uria, Nahikari Gabilondo, Miren Artetxe, Beñat Iguaran eta Aimar Karrika hurrengo fasera igaro ziren.

Maialen Lujanbio, emakumezko bakarra; Igor Elortza, bizkaitar bakarra

Finalerdiak urriaren 28an abiatu ziren Arabako Bastidan egindako saioan. Lehen itzulia, Irun, Maule eta Durangon burutu zen. Bereziki gogoangarria, Irunen, kasik 2500 ikusleren aurrean, Maialen Lujanbiok osatutako bertsoa edo Maddalen Lujanbioren agurra, Puigdemont gogoan hartuz Doraemon telesailaren doinuarekin.

BEC-eko hitzordua gero eta gertuago zegoen eta bidean Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddalen Arzallus, Aimar Karrika, Beñat Iguaran eta Nahikari Gabilondo geratu ziren. Finalerdietako bigarren itzulia, Amurrion, Donibane Lohitzunen eta Iruñean lehiatu da. Arabako herrian, une bereziak bizi izan ziren, Nerea Ibarzabalek Alfredo Remirez @erreharria txiolaria gogoan izan zuenekoa. Markinar gazteak zale sutsuak izan ditu txapelketa osoan zehar.

Ipar Euskal Herrikoan, Igor Elortzak finalerako txartela ziurtatu zuen. Durangarra BECen egongo den bizkaitar bakarra izango da. 28 urte dira herrialde honetako bertsolari batek txapela janzten ez duela, azkena Jon Lopategi izan zen 1989 urtean. Aurretik, Xabier Amurizak bitan irabazi zuen.

Azkenik, Iruñean, Aitor Sarriegik txapelketako bertsoetako bat osatu zuen, Mendiluzek finalerako plaza lortu zuen beste behin eta Unai Agirrek duela lau urteko arantza kendu zuen. 2013an, gutxigatik kanpoan geratu zen.

Horiek horrela, aipatu gisa, Amets Arzallusek txapela defendatuko du Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirrerekin lehian. Aldez aurretik, faborito nagusiak, Arzallus eta Lujanbio dira 2013 eta 2009ko txapeldunak alegia, baina saio irekia espero da abenduaren 17an. Zazpi gizon eta emakumezko bakarra, bost gipuzkoar, Ipar Euskal Herriko bi eta bizkaitar bakarra. Irabazleari, Xebastian Lizaso mitikoak jantziko dio txapela.

Bidean, besteak beste, lautan finalista izan den Jon Maia edo Julio Soto Nafarroako txapelduna. Eurekin batera, Nerea Ibarzabalek, Jone Uriak, Miren Amurizak, Agin Laburuk, Oihana Iguaranek, Alaia Martinek, Iñaki Apalategik eta Etxahun Lekuek ez dute finalerdietako langa gainditu. Hala ere, askok aho zapore ona utzi dute eta zaletuen artean Ibarzabalen freskotasuna eta Amurizaren indarra nabarmendu dituzte.

Fenomeno soziala

2017ko Euskal Kazetaritza Sarietan Bertsozale Elkarteak saria jaso zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Euskara eta Kultura sailburuaren eskutik. Zupiriak Bertso Txapelketa Nagusia «gure herriko ekimen kultural handiena» gisa definitu zuen. Are gehiago, fenomeno soziala bilakatu dela esan liteke. Aipatu gisa, 43 bertsolari parte hartu dute, txapelketa Euskal Herriko zazpi lurraldetatik igaro da, dagoeneko 20000 ikusle inguru bildu dira atariko kanporaketetan, 18 gai-jartzaile eta 20 epaile lanean aritu dira.

Baina ez hori bakarrik, BEC-erako sarrerak aspaldi agortu ziren, bazkarikoak eta antolakuntzak jarritako autobusenak eskuratzeko azken eguna abenduaren 5a da. Antolakuntzatik garraio publikoa erabiltzeko deia egiten dute, Ansioko metro geltokia alboan dago eta RENFE erabilita ere aise bertaratu liteke.

15000 pertsona bilduko dira Barakaldon hilaren 17an, bereziki intentsua izango den asteburuan. Izan ere, bezperan, 53000 zale bilduko dira Athletic-ek eta Realak elkarren artean jokatu beharreko futbol derbian.

Orohar, inoizko txapelketarik mediatikoena izan da, hedabideen partetik arreta handia bereganatuz. Hamaika Telebistan, Bertso Hop eta Artekale saioetan zein Gurean Gaur albistegi zerbitzuetan informazio guztia zuenganatu dizuegu. Horrekin batera #BTN17 traola erabilita, sareetan txapelketaren inguruko guztiak jarraitu ahal izan dira: Albisteak, saioak, iritziak eta bestelakoak. Horrekin batera, aurtengo edizioak, 3.0 formatua ere ekarri du. Sarean eztabaidak eta ironia uztartuz, @PatxiBakallo edo @urpeankantari txiolarien agerpena nabarmendu beharra dago, erreplika eta kontra-erreplikan, ustezko zirtolari eta puntualarien munduan murgilduta. Ez dira bakarrak izan, bertsolari askok sareak baliatu dituztelako zale eta publikoarekin elkarreragina biderkatzeko.

Finalak ematen duen guztia hamaika.eus gure webgunean jarraitzeko aukera izango duzue. Ondorengo egunetan Gurean Gaur, Bertso Hop eta Artekale saioetan jarraitu ahal izango duzue.

 

Hamaika Telebista