Gure Eskuk Herritu ekitaldia abiatu du larunbat honetan Gasteizen. Ekitaldi horretan, Herritu-ren balioak gorpuzten dituzten zazpi norbanako eta kolektibori omenaldia egin diete, eta euskal herritartasuna adierazteko karpeta eman diete.
Iñaki Kerejazu Zeledoiak, Ruben Santxez militante euskaltzale eta sortzaileak, Amparo Lasheras kazetari eta idazleak, Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kideak eta Leire Garai pilotariak jaso dute aitortza, baita Etxerat eta Gasteiz Anitza kolektiboek ere. Guztiei eman diete Herritu-ren karpeta; Itziar Gauna Gure Eskuko kideak azpimarratu duenez, haien "lana eta konpromisoa eskertu" nahi izan diete modu horretan.
Gaunak aldarrikatu duenez, gaur egungo “ziurgabetasun” testuinguruan, non “mehatxupean” dauden estaturik gabeko nazio txikiak, gutxitutako hizkuntzak eta herritar zein kolektibo jakin batzuen eskubideak, "konpromiso komunitarioa indartu" behar da. Herritu, zentzu horretan, "ekarpen xumea" dela adierazi du.
Ekitaldian Gasteizko hainbat eragileren ordezkariek parte hartu dute: LAB, Gasteiz Kantuz, Ikama, Mugimendu Feminista, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Kwaral Fulbe Afrik elkarteetakoek, besteak beste.
Herritu-ren karpeta Aiztogile kaleko Txapelarri tabernan, Olagibel kaleko Argi dendan eta Steilas sindikatuaren Manuel Iradier kaleko egoitzan eskura daiteke. Gure Eskuk jakinarazi du Euskal Herrian zehar ‘herritoki’ gehiago jarriko dituela.