Hamaika

"Kalitate gorena eta esklusibotasuna" nahi duten turistak erakartzea du helburu Donostiako Udalak

Hurrengo lau urtetarako Turismo Plana aurkeztu du Donostiako Udalak, eta tasa turistiko bat ezartzea proposatu du.

Ernesto Gasco zinegotziak azaldu duenez, ez dituzte promozio kanpaina orokorrak egingo, helburua ez baita jende asko erakartzea, segmentu zehatzetara iristea baizik. "Premium produktu turistikoak" eskainiko dituzte, "kalitate gorena eta esklusibotasuna" nahi duten turistak erakartze aldera. 

Urtero milioi bat eta 300 mila bisitarik hartzen dute ostatu hirian, eta horiei tasa turistikoa ezartzea planteatu du Donostiako Udalak. Gascoren hitzetan, horietako bakoitzak gaueko euro bat edo euro eta erdi ordainduko balu, hiriak 2 milioi euro jasoko lituzke urtero.

EH Bilduk ez du plan berria onartu, eta "koherentzia falta" egotzi dio udal gobernuari. Besteak beste, parte zaharrean auzotarrentzako osasun eta kirol zerbitzuetara bideratu asmo zituzten 800 metro karratu ostalaritzarako izatea erabaki baitu EAJ eta PSE-EEren gobernuak.