GUREAN GAUR

Martxoaren 8ko greba feministarantz

Mugimendu feministak greba deitu du martxoaren 8rako. Hamaika Telebistak deialdiak Euskal Herrian dituen bultzatzaileekin egoteko aukera izan du. «Sistemaren eraldaketarako greba bat izango da; ekintza guztiak desobedienteak izango dira. Zarata egingo dugu; entzun gaitzatela» diote.

 

«#MeToo»-tik edo «#TimesUp»-era, indarkeria matxistari aurre egiteko aldarri unibertsala»

Mugimendu feministak «zure egia gurea eginez» lemapean mobilizazioak deitu zituen eta Nazioartean, #YoteCreo» eta #MeToo kanpainek ere sekulako oihartzuna izan dute eta ehunka sexu abusu ilunpetik argitara ekarri dituzte, elkartasun eta babes sare oso bat hedatuz. Time aldizkariarentzat, eraso hauek salatu dituzten emakumezkoak «urteko pertsonaia» bilakatu dira. Eta ez hori bakarrik, Urrezko Globoen banaketan, alfonbra gorria beltzez tindatu zuten indarkeria matxista salatzeko. Zinemaren industrian «Weinstein auziak» soka luzea ekarri du eta hainbat profesionalek sexu jazarpena eta berau praktikatzen dutenen inpunitatea salatu nahi izan zuten. Horretarako, «Times Up» lema erabili zuten. Mundu mailako traola zabalduena izateraino.

Urrezko Globoetan, salaketa ozena

Urte zinematografikoari hasiera ematen dioten Urrezko Globoetan, alfonbra gorria beltzez jantzi zen. Keinu estetikotik harago, sexu jazarpena eta inpunitatearen aroa amaitu dela irudikatu nahi izan zuten. Ozen, hitzez, mezua helarazi nahi izan zuten. Besteak beste, Ophra Winfrey telebista aurkezlearen diskurtsoarekin. Ez zen bakarra izan, Natalie Portmanek edo Jessica Chastainek ere salaketa lau haizetara eraman zutelako #TimesUp leloarekin. Batzuk ez ziren bakarrik joan, Emma Watson ekintzaile Marai Larasi ekintzailea lagunduta azaldu zen.

Hamaika Telebistan erradiografia ahalik eta zabalena osatu nahi izan dugu eta 2016ko Sanferminetan izandako bortxaketaren tratamendu judizial eta mediatikotik abiatu gara. Urteak, Espainiar Estatuan, gainera, Diana Quer gaztearen erahilketa azaleratu du. 

Mobilizazioak Euskal Herrian

Azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna dela eta, mobilizazioak izan ziren Euskal Herriko hiriburuetan «zure egia gurea eginez» eta mugimendu feministak deituta.

Euskal Herriko Bilgune Feministak «erraiak azalera» lema hautatu du aurten egin eta bultzatu behar dituen ekimenetarako. Horrekin batera, Emakundek, Beldur Barik jarrerak eta hainbat udaletxe eta eragilek jarduera ezberdinak burutuko dituzte indarkeria matxista salatzeko.

 

Hainbat ekimen antolatu ziren Euskal Herrian zehar. Horiek horrela, Zarautzen, bertako sare feministaren eskutik, elkarretaratze aktiboa egin zuten «indarkeria matxistaren aurrean mambo» lemapean.

Bestelako guneetan ere indarkeria matxista salatzeko ekimenak ikusi genituen. Besteak beste, Euskal Selekzioak Txekiar Errepublikaren aurka Eibarko Ipurua futbol zelaian jokatutako partidan.


Mobilizazioen atarikoak

Horiek horrela, Nafarroan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Emakumeen plataformak jendartearen baitan pairatzen diren egoera matxistak eta sexu erasoak pairatu dituzten emakumezkoen hitza zalantzan jartzea gogor salatu du. Horrekin batera, Iruñeko Katakrak-en egindako agerraldian, administrazioari genero formakuntza garatzea eskatu diote. Edurne Senosiain lankidearen kronika Nafarroako hiriburutik.


Bilbon, bestalde, emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren atarian, indarkeria matxistaren kontrako adierazpen instituzional bateratua aurkeztu dute Bilboko EH Bilduk, UdalBerrik eta Goazen Bilbaok. Bizkaiko hiriburuan ere, indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela adierazi dute, eta urtarril eta abuztu artean, 2016ko datuekin alderatuta, indarkeria kasuek %30eko igoera izan dutela jakinarazi dute.


Bestelako mobilizazioak ere izan ziren, besteak beste, Leioako kanpusean biolentzia matxistaren aurka antolatutakoak.

Ekimen instituzionalak aipatuta, Donostian Eneko Goia alkateak adierazpen instituzionala irakurri zuen azaroaren 24an burutu zuen udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean.

Barakaldon bestalde, Euskal Herrian biztanle gehien dituen hirietako batean, egun berean egin zuten protesta. Bertan, Usoa lantegiko beharginek hitza hartu zuten.

Bizkaiko Foru Aldundian kanpaina berezia abiarazi du egunotan «Ez maitatu gehiago, maitatu hobeto. Ez naiz zurea, nirea baizik. Emakumezko handi baten atzean, emakumezko handi bat dago» mezua hedatuz. Afixak eremu publikoan zein garraiobide ezberdinetan ikusgai daude.


Haurren aurkako sexu erasoak, itzaletik argitara

Euskal Herriko Unibertsitateak «Haurtzaroarekiko biolentzia sexualaren sekretua hausten» izeneko jardunaldia antolatu du. Bertan, profesional eta espezialista ezberdinekin batera, euskal sostengu sarea, Galizako AGAMME elkartea eta Vicki Bernadet Fundazioko kideek parte hartu zuten. Guztiek, «umeei sinestea» ezinbestekoa dela ondorioztatu zuten.

Iragan den azaroaren17an, Bilboko Albiako Lorategietan. Indarkeria sexista pairatzen duten haurrei babesa eskaini, biktimei "guk sinesten zaituztegu" adierazteko eta erasotzaileek duten inpunitatearen aurka azaltzeko elkarretaratzea egin zuten.

Bertan, mugimendu feministak «garbi adierazi nahi dugu adin txikikoek jasaten duten indarkeria sexuala erabat deitoragarria dela. Era horretako erasoak gure kale eta etxetatik desagerrarazteko konpromiso irmoa» adieraziz.

 

Lau neskatoetatik batek sexu indarkeria pairatzen du eta mutikoen kasuan, zapitik batek. Erasoen %90a familia edo inguru hurbileko kide batek burutzen du: «Aipatutako datuek sorrarazten diguten amorruaren neurri berean diogu, inolako zalantza izpirik Gabe, erasotzaileek ez dutela lekurik gure hirian. Ozen diogu, ozen sentitzen dugulako. Eta ozen sentitzen dugu gure haurrak txoko guztietan aske eta zoriontsu nahi ditugulako».

Abusu hauek burutzen dituztenen inpunitatea salatu eta sistema judiziala «konplizetzat» jo zuten. Horiek horrela, Bilbo «erasorik gabeko hiri» bilakatu nahi dutela azpimarratu zuten eta behar den bestetan mobilizatuko direla iragarri zuten. Bide beretik, asteburuan, elkarretaratzea egin zuten Algortan. Getxo erasotzailerik gabeko herria izatea nahi dutela azpimarratuz eta txikitxu, guk sinesten zaitugu lemarekin.

Aurretik, azaroaren 11an, dozenaka lagunek agerraldi publikoa egin zuten Santutxuko Karmelo Plazan.


Sara Majarenas-en gutuna

Azaroaren 25ean, Euskal Herriko hedabide ezberdinek Sara Majarenas presoak haren alaba Izarrek pairatutako eraso matxista larriaren inguruko gutuna publiko egin zuten. Gogorra, ezin gogorragoa eta gordina zen gutunean, gertatutakoa kontatzen zuen. Hala ere, oraindik ere ama-alabak Madrilen jarraitzera behartuta daude nahiz eta haien askatasuna eskatzeko eskaera ugari eman diren.

Aipatu bezala, errelatoa zinez gogorra da: «...Nire alaba gizon harekin berriro egon ez zedin ahalegindu nintzen, baina hutsaren hurrengoak ziren hori lortzeko ziurtasunak. Hain zuzen ere, horregatik, ebidentziarik ez zegoelako. Nola baieztatu arriskuan geundela? (…)

Eta iritsi zen urtarrilaren 15a (zerbaitetaz ziur banago zera da, data hori edo beste edozein egun izan zitekeela. Halaber, ziur nago nire alabaren gorputza beharrean nirea izan zitekeela sastaturikoa). Telefonoz deitu nuen goizeko 10:00etan, kezka handiarekin eta beldurrarekin. Batik bat beldur handiarekin. Telefonoa eskegi zuenean nire alaba entzuten nuen, behin eta berriz errepikatzen nirekin egon nahi zuela. Orduan esan zidan berak ahazteko berriro ere ikustea, aurpegiratu zidan nik eta nire familiak bizitza hondatu geniola, eta nire alabak nire ondora eraman zezala eskatuz berriro ere negar egin zuen une batean, hainbat alditan sartu zion labana. Nire alabaren oihu lazgarriaren lekuko izan nintzen une horretan, eta ondoko isiltasunaren lekuko ere izan nintzen, berak hiltzat jo zuenean. Nik haien izenak errepikatzen nituen, baina inork ez zidan erantzuten. Ni hil nahi izan ninduen, bizitzan daukadan gauzarik baliotsu eta maiteenarekin. Nire alaba. Alarma jo nuenean inork ez zuen nire hitza zalantzan jarri. Eternitatera arte eskertuko dut.

Une horretan bertan bere burua poliziara entregatzen ari zen… nire alaba etxeko egongelako lurrean odolustutzen uzten ari zen bitartean, erabat sinetsita hil egin zuela. Atxilotua izan aurreko bere azken ekintza nire aitari deitzea izan zen, literalki honakoa esateko: «Hor daukazue nahi zenutena. Zuen oparia. Zuen iloba, hilda».

Ezin dut irudikatu ere egin zein une pasatu zuen nire aitak halako pertsonai batek bere iloba hil zuela pentsatzean. Nire alaba. Ezin dut irudikatu… baina gauetan etengabe azaltzen zaidan pentsamendu bat da… zein eragin izan ote zuten ordu haiek nire familiaren barruan. Egun, gertakari hartatik sei hilabete joan direnean, oraindik ere ez dakit, eta ezin izan dut hitz egin ere horretaz haiekin. Nire bizitzako pertsona maitatuenak eta garrantzitsuenak. Eta ez da gogo faltarengatik… baizik eta gauden baldintzetan egonda ezin dugulako. Ez zait nire familiaren alboan erreparatzen uzten, baina ezta ez zait uzten, horretaz guztiaz hitz egiten horretaz hitz egiteak eskatzen dituen gutxieneko baldintzekin eta ezaugarriekin...»

Kontakizun osoa NAIZ-en

 


Sanferminetako bortxaketaren trataera judizial eta mediatikoa aztergai

Egunonetan, 2016ko Sanferminetan izandako bortxaketaren inguruko epaiketa burutzen ari da. Kasuak berebiziko arreta mediatikoa piztu du Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko hedabideen artean, kasu askotan trataera informatiboa desegokia eraginez. Biktima bera babestu beharrean, erasotzaileak biktima bilakatuz. Judizialki ere kasuak baditu hainbat ertz, adibidez, epaileak «La Manada» delako WhatsApp taldean akusatuek Iruñera joan aurretik egindako iruzkinak froga gisa aintzat hartu ez izana edo bortxaketaren ondoren akusatuetako batek bortxatua izan zen neska jarraitzeko detektibe pribatu bat kontratu izatea onartzea.

Gauzak horrela, komunikazioan, politikagintzan, sindikalgintzan, zuzenbidean eta mugimendu feministan lanean ari diren hainbat emakumezkoen iritziak bildu nahi izan ditugu. Nafarroan bertan, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformako kide diren Ana Carmona eta Teresa Zabalegirekin: Ainhoa Arano kazetariarekin; ELA sindikatuko Ainhoa Fernandezekin, LAB-eko Rosa Iriarte eta ESK-ko Iratxe Alvarezekin; EH Bilduko parlamentari den Bakartxo Ruiz eta PP-ko Ana Beltranekin egoteko aukera izan dugu. 

Ane Irazabal kazetariarentzat «lotsagarria da emakumezkoek berez ulertu beharko litzatekeena azaldu behar izatea» eta sistema judizialean «zer ari den gertatzen?» galdetu du.

Onda Vasca irratiko kazetari de Begoña Beristainentzat «badirudi bortxaketa bat pairatu duen emakumezko batek ezin duela ondoren bizi, guztien artean babestu eta lagundu behar dugu, bide horretan asteburuko mobilizazioak izan dira».


Euskal Herria Bildu-ko legebiltzarkidea eta kazetari den Maddalen Iriarte Okiñenarentzat «kezka handiarekin hartzeko tratamendu mediatikoa jaso du Iruñeko kasuak, ikaragarria izan da, paradigmatikoa. Hedabideek gogoeta handia egin behar dute biktima 2 aldiz biktima egiten delako»

Bilbon, Udalberri taldeko zinegotzi den Amaia Arenalek azaldu duenez, «hedabideek La Manada delakoa biktimizatu duten arren, kontutan hartzekoa da bortxatutako emakumezkoak izan duen ausardia». Horrekin batera, «feminismoa sistema judizialean eta erakundeetan sartu behar dela» azpimarratu du.


Jone Goirizelaia abokatuarentzat, bestalde, «harrigarria eta argigarria da emakume baten testigantzari plus bat eskatzea sinesgarritasuna emateko, froga gehiago eskatzen zaizkie eta euren bizitza aztertzen dute».



EAJ-ko Izaskun Bilbaok auzia Europako parlamentura eraman zuen eta bertan biktimak erasoa demostratzean erasotzaileen jardunean baino arreta gehiago jarri izana salatu zuen. Bermeotarrak, interbentzioa txalo artean amaitu zuen.

Saretzearen garrantzia

Erasoak jaso dituzten emakumezkoen egia aitortzeaz gain, hauek saretzearen garrantzia azpimarratu du mugimendu feministak hainbatetan. Hala egin dute uda honetan emakumeei eraso egitea egotzita kanporatutako Sortuko kidearen biktimek. Horrela, jasotako mezuak eta erasoak kartel batean biltzea eta publiko egitea erabaki dute. 40 emakumetik gora dira eta euren "R-Eboluzioa" hasi dutela adierazi dute.



Manifestua ere osatu dute eta bertan nazioartean hain ezaguna egin den #MeToo traola erabili dute eurak ere sexu erasoak pairatu dituztela adierazi, gertatutakoa azaldu eta saretu egin direla azpimarratzeko.

#NosotrasSomosLaManada

Sanferminetako bortxaketarekin lotuta, espainiar Estatuan «yo te creo» lemapean, hainbat izan dira sare sozialetan azaldutako mezuak.

Horrekin batera, asteburuan zehar mobilizazioak egin dituzte Madrilen, Justizia Ministerioaren aurrean, «La manada somos nosotras» lemapean, biktimei babesa eskainiz. Espainiar Estatuko beste puntu batzuetan elkarretaratzeak egin dituzte, besteak beste, Sevilla, Valladolid, Murtzia edo Tenerifen. Europa mailan, Katalunian ere mobilizazioak egin zituzten.

Hitzorduok sare sozialen bitartez zabaldu ziren eta jendarteko esparru ezberdinetako emakumezkoek zabaldu zituzten. Horien artean, aktiboenetako bat, Leticia Dolera aktore eta zinema zuzendaria izan zen.

Deialdia berehala hedatu zen eta beste hainbatek ere #NosotrasSomosLaManada edo #JusticiaPatriarcal traolak erabilita euren mezuak elkarbanatu zituzten. Sanferminetan bortxaketa pairatu zuten emakumezkoa babestuz, ardura guztia erasotzaileengan zentratuz eta sistema judizialak hauei eskaintzen dien inpunitatea salatuz.

Esparru ezberdinetako pertsonek euren mezuak partekatu zituzten, Marta Flich aktore eta kazetariak, Cristina Fallarás eta Ana Pardo de Vera kazetariek edo Euskal Herrian Izaro Andres eta Zuriñe Hidalgo musikariek. Gizonezko batzuk ere euren mezuak elkarbanatu zituzten eta Santiago Segura aktoreak Twitter-en idatzitakoa eta Vetusta Morla musika taldeak Instagram sare sozialean.

 

AEBtan, Harvey Weinstentik Josep Blatterrera

Azken asteetan, sexu indarkeriarekin lotuta, AEBtan hainbat kasu argitara eman dira. Horien artean, ezagunena, Harvey Weinstein zinema ekoizlearena. Besteak beste, Shakespeari In Love, Reservoir Dogs, Pulp Fiction, Gangs of New York edo Sin City bezalako filmen produktorea. 1980 urteaz geroztik, ehun emakume baino gehiagoren kontrako sexu abusuak egitea egotzi diote. Erasoak pairatu dituzten emakumezkoen kopurua oso altua da. Erasotutako Asia Argento aktoreak, Twitter sare sozialean zerrenda ezagutzera eman zuen, praktikoki astero handitzen doana.

Ez da zinemagintzarekin lotutako kasu bakarra izan, Anthony Trapp aktoreak Kevin Spacey antzezle ezaguna salatu du 1986an pairatutako abusuengatik. Kasua ezagutu eta berehala, House of Cards serieak Spacey kaleratu egin zuen. Hala ere, Morrissey abeslariak bai Weinstein bai Spacey-ren aldeko hitzak izan ditu.

Zinemagintzaren industrian orain arte tabu bat zena azalera ateratzen hasi da. Horren lekuko, The New Yorker aldizkari ezagunak kaleratutako azala. Orain arte, izeberg-aren punta besterik ikusi ez dugulakoan. Hamarkadetan zehar itzalpean egondako errealitatea azalduz.

Azken asteetan, zerrenda luzea osatu da. Spacey House of Cards serietik baztertu duten gisara, antzeko zerbait gertatu da Louis C.K.-rekin, HBO enpresak bere eduki guztiak erretiratu ditu. Transparent seriearen kasuan, salaketa ezberdinak jaso dituen Jeffrey Tambor aktoreak antzezlana uztea erabaki du. Ez dira zinemagintzaren industriarekin lotutako kasu bakarrak. Ed Westwick-ei hiru sexu eraso egin izana leporatu dizkiote eta, besteak beste, Stallone edo Dustin Hoffman-en aurkako salaketak ezagutu ditugu. Aurreko urteetan, Bill Cosby aktore ezagunaren aurkako 60 denuntzia jaso ziren.

Aldiz, Uma Thurman aktoreak gogor kritikatu zituen erasotzaileek Hollywood-en izan duten inpunitatea eta «nazka» sentitzen duela adierazi zuen.

Azaroaren 25ean, Uma Thurman berak Instagram sare soziala erabili zuen bere haserrea plazaratzeko. Bertan, Harvety Weinstein-entzako mezu argia zeukan: «Ez duzu ezta bala bat merezi».

Espainiar Estatuan, Liga de Mujeres Profesionales del Teatro-k manifestua elkarbanatu du eta euren lanbidean «sexu jazarpena» egiturazkoa dela nabarmendu dute. Gizon askorentzat, euren ogibidea «puten lana» dela sinetsita daudela azalduz.

Kiroletan ere salaketak egon dira. Futbolean, AEBko selekzioko atezaina den Hope Solok FIFAko presidente ohia den Josep Blatter-ek egindako ukituak ezagutzera eman zituen. 1984ko Europako txapelketan Suediako selekzioarekin Gunilla Axen futbolari ohiak 2000ko hamarkadan bere herriko talde nazionaleko kide izan ziren «hiru jokalari ezagunek» jazartu egin zutela aitortu du.

Ez dira kasu bakarrak izan, 2012 eta 2016ko Joko Olinpikoetan orotara sei domina irabazi zituen Aly Raisman gimnastak taldeko mediku ohia den Larry Nassar salatu zuen.  Raysman ez da diziplina honen baitan abusuak salatu dituen bakarra, McKayla Maroneyk ere Nassar-en aurkako salaketa publikoa egin du. Erasoak 13 urte zituela jasan zituen eta gimnastikaren baitan «gauza nazkagarriak bizi behar» izan zituen aditzera eman zuen. Azken egunetan, Gabby Douglas-ek ere antzeko egoerak salatu ditu. Orotara, 140 salaketa daude Nassar-en kontra eta dagoeneko horietako 7 egin izana onartu ditu.

 

«27 urte beranduago ausarta izango naiz, Vitaly Scherbok bortxatu egin ninduen». Hau da Tatiana Gutsu ukrainiarrak egindako salaketa. 15 urte zituela, Stuttgart-en lehiatutako munduko txapelketan, orduan talde sobietarreko gimnasta izarra zen Vitaly Scherbok bortxatu zuela jakitera eman du.

Horrekin batera, azaroaren 24an, Real Madril edo Brasilgo selekzioan aritutako Robinho futbol jokalari ezagunak bederatzi urtetako espetxe zigorra jaso du Italian 2013 urtean Milango diskoteka batean emakumezko bat taldean bortxatzeagatik.

Eremu anglosaxoian #MeToo kanpainak oihartzun handia izan du eta gaztelaniazko #YoteCreo eta euskarazko #NikSinistenDizut horren jarraipen gisa hedatu dira.

Urtebete beranduago, Gutsuk urrezko domina irabazi zuen Bartzelonako Joko Olinpikoetan, orain Facebook sare soziala erabilita 15 urte zituela pairatutako erasoa kontatzeko moduan egon da.

13 salaketa Donald Trump-en kontra

Washington Post egunkariak Donald Trump Amerikako Estatu-batuetako presidentearen aurka 13 emakumezkok egindako salaketak bildu ditu.

Salaketen detaile ugarirekin bildu ditu egunkariak eta erasoak pairatutako emakumezkoen testigantzaz gain, abusuak ikusi edo ezagutu zituzten beste pertsonen baieztapenak bildu dituzte. Azken hiru hamarkadetan izandako gertaerak bildu ditu Washington Post-ek.

 

Hamaika Telebista