Urtea bete da apirilaren 8an ETA armagabetu zenetik, eta erakundearen behin betiko desegitea irudikatzeko ekitaldia maiatzaren 4an egingo dute Kanbon, Arnaga Etxean. Bakebideak jakinarazi du 12:00etan hasiko dela ekitaldia, eta jada gonbidapenak bidali dizkiela Euskal Elkargoari,Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, alderdi politikoei eta sindikatuei. Baita "gatazkaren konponbidean jarduten diren gizarte zibileko zenbait eragileri" ere.
Gogora ekarriko dugu Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozialak eta Bake Bideak antolatu dutela maiatzaren 4ko jardunaldia. Aipatu dugunez, euskal erakunde publikoei bidali diete gonbidapena, baina Hego Euskal Herrikoen kasuan, ez direla bertan izango erantzun dute. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak asteartean esandakoa berretsi du.
Bide beretik jo du Nafarroako Gobernuak ere. Maria Solana bozeramaileak zehaztu du gonbidapena jaso dutela, baina ez dutela prozesuan parte hartu, "armagabetzearekin gertatu zen bezala", haren hitzetan.