GUREAN GAUR

AEBek Jerusalemen enbaxada zabaldu izanak eragin zuzena du Gazako gertaeretan

Nakba eguna dute gaur palestinarrek, duela 70 urte Israel sortu zenean milaka palestinarrek etxetik alde egin behar izan zutela oroitzeko eguna. Aurten, ordea, Hamasek deitutako protesten aurka egiteko aitzakian, Israelek hamarnaka palestinar hil eta milaka zauritu dituen egunaren biharamunarekin bat egin du.

Sarraski hori salatzeko, Palestinako Aginte Nazionaleko Mahmud Abbasek greba eguna izendatu du, eta mobilizazioetan Gazako mugarantz joan dira ehunka palestinar. Israelek, horren aurrean, armada erantzuteko prest dagoela ohartarazi die.

Ba Gazan gertatzen ari denak AEBen atzerri politikarekin zerikusi zuzena dauka, Ander Perez Berriako Mundua saileko kazetariaren ustez. Donald Trumpek AEBen enbaxada irekitzea aurreikusia zuen Jerusalemen, eta behin hori eginda, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa erabat babestuta sentitzen da. Perezk ohartarazi du errepika daitezkeela egunotan Gazan ikusitako irudiak.

Palestinarrak, berriz, babesgabe ikusten ditu. NBE Nazio Batuen Erakundera jota ere, AEBen beto eskubideak baldintzatzen duelako Europak eta nazioarteak palestinarrei eskain dakiekeen babesa.