GUREAN GAUR

Hizkuntza eskubideak EAEko estatutu berrian jasotzea proposatu du Kontseiluak

Eusko Legbiltzarrean abian den autogobernu lantaldeari EAEko estatutu berrian hizkuntza eskubideak jasotzea proposatu dio Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Donostiako Miramar jauregian aurkeztu dute proposamena; han du egoitza Eusko Ikaskuntzak, eta, hain justu, dokumentua haren esku utzi du Kontseiluak.

Besteak beste, honako printzipio hauek proposatuko ditu: euskara berezko hizkuntza izendatzea, lehentasuna izatea, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea, eta euskaraz jakiteko eskubidea eta betebeharra jasotzea estatutuan.

Hizkuntza propioa jakiteko eskubidea eta betebeharra ezarria dute beste estatutu batzuek , Kataluniakoak, adibidez, eta hori lortzeko bi bide estatutuan bertan sartzea proposatu du Kontseiluak.

Eusko Legebiltzarraren esku ere utziko du dokumentua Kontseiluak, autogobernu lantaldearen gogoetan euskararen gaia sar dezan. Ez dute artikulukako proposamenik egin: estatutuan jaso beharreko printzipio nagusiak bildu dituzte. Horrez gain, Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin harremanak garatzea ere proposatu dute. Baita gizarte eragileek aholku emaile funtzioa izatea ere.