GUREAN GAUR

Presoen osasunerako eskubidea defendatuko du Osabideak elkarteak

Presoen osasun eskubideen aldeko sendagile eta legelarien Euskal Herriko elkartea aurkeztu dute Bilbon. Osabideak izeneko taldean, hainbat medikuk, legelarik eta adituk bat egin dute espetxeetako zigorgabetasuna salatzeko eta osasunerako eskubidea aldarrikatzeko. Presoen eskubideak bermatzeko gizartearen parte hartzea eta konpromisoa beharrezko dela azpimarratu dute elkarteko aditu guztiek.

Jorge Barron mediku eta Osalde osasun eskubidearen aldeko elkarteko kideak, osasun arloari dagokionez presoak oso zaurgarriak direla adierazi du, legeak aitortzen duen osasunerako eskubidearen barruan salbuespena direlako. Estatu demokratikoaren jarrera atzeragarria ere salatu du.

Espetxean egoteak presoen biziarentzat ageriko arriskua duenean askatu egin behar direla azaldu du Iñaki Lasagabaster EHUko zuzenbide katedradunak. Baina ageriko arrisku hori soilik hilzorian egotearekin identifikatzea akats handia dela adierazi du Lasgabasterrek.

Iñaki Goioaga abokatuak espetxe politikaren inguruan gogoeta beharrezkoa dela adierazi du. Silvia Encina abokatuak bere bikotekide presoak medikuen txostenak lortzeko urteak eman zituela kontatu du, dokumentuak lortzeko gose grebak egin behar izan zituela eta jipoiak jaso zituela salatuz.

Nahia Aia eta Estibaliz Gorostiaga medikuek kartzeletan osasun eskubidea bermatzeko profesionalen sare bat eratzearen garrantzia nabarmendu dute. Eta Irma Orozko abokatuak, osasunerako eskubidearen urraketak salatzeko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arlo horretan ebatzitakora jo behar dela adierazi du.

Bizkaiko Medikuen Elkargoak Bilbon duen egoitzan egindako mahai-inguruan parte hartu dute aditu guzti hauek. Eta presoen osasun eskubideak bermatzeko gizartearen parte hartzea eta konpromisoa beharrezko dela azpimarratu dute denek.