Sanjurjoren gorpuzkiak Erorien Monumentura itzultzeko baimena eman du Iruñeko epaitegiak

Jose Sanjurjo militar kolpistaren gorpuzkiak berriro Erorien Monumentuan sartzeko baimena eman du Iruñeko epaitegiak. Udalak 2016an atera zituen kolpistaren arrastoak eta Sanjurjoren familiak jarritako helegitea onartuz, egun Melillan dauden arrastoak berriro kriptan sartzeko aukera zabaldu du epaitegiak. Iruñeko udalak erabakiarekiko desadostasuna adierazi eta helegitea jarriko duela baieztatu du.

GUREAN GAUR|04/07/2018

Iruñeko epaitegiko ebazpenaren arabera, kriptan zeuden pertsonak ezin dira hartu aipamen edo sinbolotzat. Erorien Monumentua babestua dagoela eta kripta hilobiratzeak egiteko leku gisa mantendu behar dela argudiatu du epaitegiak, Sanjurjoren familiak jarritako helegitea onartuz eta egun Melillan dauden arrastoak berriro kriptan sartzeko aukera emanez.

Kripta intereseko elementu gisa kontsideratzeagatik epaia oker dabilela adierazi du Iruñeko Udalak. Ohar baten bidez, Erorien Monumentua Udalaren jabetzakoa dela argudiatu du eta artzapezpikutzarekin batera, kripta lurperatzeko gune izateari uztea erabaki zela gogorarazi du. Epaiarekiko desadostasuna adierazi eta erabakiaren enpatia falta salatu du Joseba Asironek.

Espainiako Estatuan Franco diktadorea hobitik ateratzeko proposamena eztabaidatzen ari direnean epaile batek Sanjurjo jeneral faxista ohoreekin lurperatzera behartzea zentzugabekeria bat dela azaldu du Asironek. Iruñeko Udalak helegitea jarriko duela baieztatu du.

 
Loading player...