GUREAN GAUR

Kaiku eta Urdaibai nagusitu ziren Bizkaiko traineru txapelketan

Bizkaiko traineru txapelketa jokatu zen atzo Lekeition. Emakumezkoen mailan Kaikuk sorpresa eman zuen eta faboritoari, Deusturi, hemeretzi segundoko tartearekin irabazi zion. Gizonezkoetan, Zierbena eta Urdaibai gogor lehiatu ziren bandera irabazteko eta azkenean Bou Bizkiak hiru segundoko aldearekin eskuratu zuen garaipena. Gipuzkoako txapelketan, San Juan eta Hondarribia nagusitu ziren.

Bizkaiko emakumezkoen mailan hiru ontzik parte hartu zuten eta gizonezkoenean bederatzik. Emakumeak txanda bakar batean lehiatu ziren, eta Kaikuk eman zuen ustekabea, iazko txapeldunari, Deusturi, erraz irabazita. Sestaoko taldeak lehen aldiz jokatu zuen Bizkaiko txapelketa, eta 19 segundo atera zizkion Deustuarrei. Lea Artibairi hirugarrenari, ia minutu eta erdiko aldearekin gailendu zitzaion.

Gizonezkoena ondoren jokatu zen eta azkeneko txandan egin zuen arraun txapeldunak, Urdaibaik. Estropada gogorra izan zen, lehen luzean Zierbena sei segundo aurretik zelako. Bigarren luzean irauli zuen egoera Bou Bizkaiak eta barruko balizetara 8 segundo aurretik iritsi zen. Hirugarren luzea zazpi segundo aurretik egin zuen Urdaibaik baina Zierbenak estutu egin zuen azken luzean, eta, txapeldunarengandik 3 segundora gerturatu zen helmugan. Hamaikagarren aldiz irabazi zuen Urdaibaik txapelketa. Bigarren txandako garailea Isuntza izan zen, eta hirugarren bukatu zuen, pasa den larunbateko ligako jardunaldian bandera irabazi ostean, momentu onean daudela erakutsiz. Laugarren Ondarroa izan zen, txanda horretako bigarrena.

Gipuzkoako txapelketa ere jokatu zen atzo Mutrikuko urtean. Emakumezkoetan, San Juanek Oriori ia 2 atera zizkion, txapelketa laugarren aldiz irabazteko. Gizonezkoetan, Hondarribiak estropada goitik behera menderatu zuen, Oriori 22 segundo eta Donostiarrari ia minutu erdi aterata helmugan. Euskadiko txapelketan parte hartuko duten partaideak argitu dira atzoko estropadak jokatu ostean.

Emakumezkoetan, Kaiku, Deustu, Lea-Artibai, San Juan, Orio, Donostiarra eta Hondarribia lehiatuko dira. Gizonezkoetan, berriz, Urdaibai, Zierbena, Isuntza, Ondarroa Hondarribia, Orio, Donostiarra eta San Pedro arituko dira uztailaren 31ean Lekeition jokatuko den txapelketan.