GUREAN GAUR

Vitalquilerri eta Laboral Kutxari familien sufrimenduarekin negozioa egitea egotzi diete Gasteizen

Arabako Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egin du Gasteizko Amarica plazan, Mawa eta Mohameden eta haien lau seme-alaben etxegabetzea salatzeko. Vitalquiler agentziari leporatu diote lotsarik gabe lapurreta egitea eta familia zaurgarri bat bazterketara bideratzea.

Joan den urtarrilean kaleratu behar zituzten, baina orduan etxegabetzea saihestu zuten eta orain Vitalquilerrek 5.000 euroko faktura bat igorri eta Laboral Kutxak gastu judizialengatik 850 euroko eskatu dizkiete.

Hargatik, etxegabetzeen aurkako plataformak Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Udalari eskatu die zorra baliogabetzera behartu ditzatela auzian dauden enpresak. Horrez gain, erakunde publikoei eskatu diete Vitalquilerren hitzarmenak aztertzeko eta neurriz kanpoko klausulak ezabatzeko.

Vitalquilerrek, Zabalganako etxe batetik sei lagun kanporatzea eskatu zuten, 5.000 euroko abal bat berritu ezin zutelako eta alokairuko 525 euroak ere ordaindu ezin zituztelako. Izan ere, familiaren diru sarrerak 760 eurokoak ziren. Apirilean, lortu zuten Eusko Jaurlaritzak familiari alokairuko etxe bat jartzea baina Vitalquilerrek eta Laboral Kutxak zorrak kitatzeko eskatzen segitzen dute. Eta Kaleratzeak Stop plataformaren ustez, ezin da onartu familiari egiten ari zaizkion jazarpena.