GUREAN GAUR

Eten egin dute 'De Miguel' auzia, defentsa eta Fiskaltza akordio bila ari direlako

'De Miguel' auziko epaiketa eten dute bi asterako, Fiskaltza eta defentsa akordio bila ari direlako. Dirudienez, 26 akusatuek onartu egingo dute egozten zaiena, zigorra murriztearen trukean.

Josu Izagirre fiskalak egin du epaiketa eteteko eskaera, eta baieztatu du, Arabako EAJko kargudun ohiei eragiten dien auzian, 26 akusatuekin akordioa ixteko asmoa duela. Auzipetu guztiak, eta auzian parte hartzen ari diren Eusko Jaurlaritzako zein Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak ados agertu dira erabakiarekin.

Dirudienez, auzipetuek egozten zaizkien delituak onartuko dituzte zigor eskaerak murriztearen trukean. Momentuz, De Miguelenetzat eskatzen du zigorrik handiena Fiskaltzak: 54 urte; eta 32 eta 4 urte bitarteko zigorrak gainerakoentzat. Orotara, 439 urteko kartzela zigorra, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa leporatuta, besteak beste.

Arabako Probintzia Auzitegiko epailearen aurreran deklaratzen hastekoak ziren gaur De Miguel auziko akusatuak. Urtarrilean abiatu zen ustezko ustelkeria sarea ikertzeko ahozko epaiketa, eta 26 lagun daude akusatuen aulkian; tartean, Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia. Hark izan behar zuen deklaratzen lehena, gaur, 09:30ean, baina ez du egin.

Ustezko iruzurragatik Euskal Autonomia Erkidegoan sekula egin den epaiketarik handiena da De Miguel auzikoa. Epaiketa hasi zenetik, ehunka lekuko eta dozena bat peritu pasatu dira auzitegitik. Besteak beste, jakin da De Miguelek 25 sozietate inguru sortu zituela propio iruzur egiteko.