GUREAN GAUR

Etorkizun politikoaz erabakitzeko aukeraz galdetuko dute Donostian

Azaroaren 18an egingo dute estatus politikoari buruzko kontsulta Donostian, eta aurkeztu dute galdera: "Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?".

Galdera erabakitzeko prozesua parte hartzailea izan dela nabarmendu dute, aurrez aurre eta digitalki proposamenak egiteko eta eztabaidatzeko aukera eman dietelako ehunka donostiarrei.

Gipuzkoakoa izango da, beraz, herri galdeketa egingo duten lehen euskal hiriburua, baina egun berean herri gehiagotan ere jarriko dituzte hautetsontziak: Irunen, Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin, hain justu.

Ia urtebete pasatu da Donostia Galdeketa plataforma sortu zutenetik, eta herri galdeketen protokoloa jarraituta hiru urrats egin dituzte: sinadura bilketa, galdera adostea eta Adosgunea osatuta galdeketa eguna antolatzen hastea.

Azaroaren 18ra begira, urriaren 28rako antolatutako kalejira ere nabarmendu dute, hain justu, egun horretan iritsiko baitira hautetsontziak Donostiara eta egun horretatik aurrera egongo baita aukera boto aurreratua emateko.

Antolaketa guztia aurrera ateratzeko 1.000 boluntario ere beharko dituzte eta donostiarrei dei egin diete auzoetan antolatutako taldeetara jota edo Internet bidez batu daitezen. Zehazki, 34 hautetsontzi jarriko dituzte hiriko auzo guztietan, kontuan izanda Igeldon eta Zubietan dagoeneko egin dutela galdeketa.