GUREAN GAUR

Presoen Frantziako zigor urteak Espainiak kontuan ez hartzea ontzat jo du Estrasburgok

Estrasburgoko Auzitegiak ezustekoa eman du: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat jo baitu euskal presoek Frantzian betetako zigor urteak Espainiak aintzat hartu ez izana.

Hala, epaileek erabaki dute Espainiak ez duela urratu askatasunerako eskubidea, ezta indarrean dagoen araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea ere; bai, ordea, bidezko prozesu judizial bat izatekoa. Iker Urbinaren hitzetan, ez da, inondik inora, presoen abokatuek espero zutena.

Estrasburgoko Auzitegiko areto nagusian helegitea jar dezakete, eta era berean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegira jo. Aukera hori, ez legoke zuzenki abokatuen esku: epaile batek ala Europako Batasuneko batzorde batek egin beharko luke. Hirugarren aukera bat ere bada, Espainiak legea erreformatzea.

Ebazpenak erreakzio soka eragin du, besteak beste, Sare Herritarraren izenean, Inaxio Oiartzabalek arduratuta hitz egin du. Presoek jasaten duten egoera konpondu ordez, areagotu egiten duelako ebazpenak.