GUREAN GAUR

Elikagai industriako hitzarmenaren negoziaketa blokeatu du patronalak

Adegik elikagai, industria eta merkataritzako Gipuzkoako Hitzarmenaren negoziaketak blokeatu egin dituela salatu dute gaur sindikatuek. Bi urte baino gehiago igaro dira dagoeneko hitzarmenaren indarraldia amaitu zenetik, Adegiren Donostiako egoitzaren atarian egindako elkarretaratzean salatu dutenez. Iazko apirilean ekin zieten negoziaketei, baina ELA, LAB, CCOO eta UGTk salatu dutenez, abenduaren 19an egindako bileran negoziaketa erabat blokeatu zuen patronalak. Langileek salatu dute euren aldarrikapenei betoak jartzen jardun duela patronalak orain arte. Salatu dute soldata igoerei buruz hitz egiten hasi nahi izan duela patronalak negoziaketa, langileek gainontzeko eskakizunak baztertu ditzaten, baina ez dutela horretarako asmorik adierazi dute. Protesta gehiago ere egingo dituzte langileek. Datorren asteazkenean Uvesco enpresaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, eta egoera bideratu ezean Gipuzkoako hainbat saltokiren atarietan egingo dituzte elkarretaratzeak martxoaren 13an.