GUREAN GAUR

Aske utzi dute gaur Basaurin atzo atxilotutako pederasta

Salaketa jaso zuen atzo Ertzaintzak eta atxilotu egin zuen Basauriko 60 urteko futboleko entrenatzaile ohia. Gaua komisaldegian pasa du atxilotuak eta gaur aske utzi dute, karguekin. Aurreko sei salaketen bide beretik etorri da salaketa hau ere; dena den, kasu honetan abusuek ez dute preskribatu.

Pepe Godoy basauriarrak lehen salaketa publiko egin zuenetik, guztira zazpi izan dira gizon beraren aurka herrian jarritako salaketak. ‘Ez naiz isilduko’ herri plataformak eta bestelako elkarteek hainbat ekintza egin dituzte azkenaldian balizko biktimei babesa adierazi eta hauek salaketa jartzera animatzeko. Hauen artean, urtarrilean Basaurin egindako manifestazioa; bertan, 5.000 lagun inguru elkartu ziren sexu abusuak salatzeko. Lortu dute helburu bat: preskribatu gabeko salaketa bat agertzea, prozesu judizialak bere bidea egin dezan.

Pepe Godoyk salaketa jarri ostean Baskonia Futbol Eskolak ustezko erasotzailea entrenadore postutik kendu zuen. 40 urte baino gehiago zeramatzan gizonak umeak entrenatzen. Garaitza Elkartetik adierazi dutenez, 17.200 umek jasan dituzte edo jasango dituzte sexu abusuak haurtzaroan: lau nesketatik batek eta zazpi mutiletatik batek.