GUREAN GAUR

Bizkaiko metalgintzako grebaren jarraipena "handia" izan da, sindikatuen arabera

2011koa da Bizkaiko metalgintza sektoreko azken ituna, eta hitzarmen berriaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatu dute sindikatuek. 2018tik falta zaizkien atzerapenak jasotzea eta soldata igoera eskatu dituzte. Patronalak, bere aldetik, gezurtatu egin du sindikatuek esandakoa. Manifestazioa Euskadi plazan amaitu dute, Bizkaiko metaleko patronalaren egoitzan. Mikel Etxeberria sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuko bozeramaileak adierazi duenez, langileen erantzuna "handia" izan da, Bizkaian hainbat tamaina eta ezaugarritako enpresak daudela kontuan izanda. CNT sindikatuak ere bat egin du borrokarekin nahiz eta deitzaileen artean ez izan. Sektoreko lan hitzarmen duinaren alde ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek beste lau greba egun deitu dituzte ekainaren 6an, 7an, 20an eta 21ean; guztira, 50.000 langile daude greba egitera deituta. Lan hitzarmena berritzeko hurrengo bilera, berriz, ekainaren 3an egingo dute.