GUREAN GAUR

Lurdes Imaz: "Uda aprobetxatu egin behar zen euskarazko errefortzuak egiteko, eta ez zen egin"

Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailearekin Covid 19ak baldintzatutako ikasturtea aztertu dugu Hamaika Telebistan. Ikasturte hasiera "ona" izan dela azpimarratu du, baina horretarako oso garrantzitsua izan dela zuzendaritza taldeen eta irakasleen lan "ona". Izan ere, nabarmendu du "ikasturte berria baliabide berririk gabe hasi" dela, eta zuzendarita taldeek eta irakasleek "iazko baliabide berdinekin" planifikatu behar izan dutela ikasturtea.

Aurreko ikasturtean Covid19ak eragindako gabezien artean, euskararen egoera azpimarratu du Imazek. Bere ustez, uda aprobetxatu egin behar zen euskarazko errefortzuak egiteko eta ez zen egin. Zentzu horretan, ohartarazi du D ereduko ikasleek euskara maila "txikia" dutela, eta gai horri heldu behar zaiola azpimarratu du. 

Imazek nabarmendu du eskolak funtzio "berdintzalea" betetzen duela, eta horregatik oso garrantzitsutzat jo du eskola presentziala izatea: "Pantailak osgarriak dira, baina ezin du eskola presentzialaren funtzioa ordezkatu".

Gaur egun, eskoletako egoera "ona" dela adierazi du, baina egoerak okerrera eginez gero, erakundeek neurriak hartzea garrantzitsua dela adierazi du: "Gurasoek ordaindutako lan baimenak beharko dituzte beren seme-alabekin egoteko, ikasleek hezkuntza etxetik jarraitzeko bliabideak beharko dituzte, eta irakasleek formakuntza beharko dute".