GUREAN GAUR

Itziar Ituño: "Ez nago eroso idolatria horretan"

Itziar Ituño aktorea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. La Casa de Papel seriearen 5. denboraldia grabatzen harrapatu dugu Madrilen. Mundu osoan ezaguna da Ituño, eta adierazi du "gainbaloratua" dagoela ospea: "Batzuetan astuna ere bada, baina lanerako ondo dator". Era berean, azpimarratu du ez dagoela eroso "idolatria" horretan, baina jendearen babesa jasotzea ere "ederra" dela. Zentzu horretan, kontatu digu bere nazioarteko jarraitzaile ugari euskara ikasten eta Goenkale telesaila ikusten hasi direla mundu osoan: "Ikaragarria da".

Azken urteetan, hainbat serie eta filmetan parte hartu du Euskal Herrian, eta horietako bat da Alardea telesaila. Adierazi du "oso pozik" dagoela historia hori barrutik ezagutu duelako, eta nabarmendu du etxean bezala sentitu dela lankideekin: "Uste dut oso lan ona egin dugula". 

Hil Kanpaiak filma ere izan du hizpide, eta nabarmendu du oso berezia izan dela filmaren grabazioa: "Hasieran kosta egin zitzaidan zuzendariak zer nahi zuen ulertzea; baina behin hori lortuta, asko gozatu nuen". Ilargi guztiak filmaren grabazioan ere parte hartu du Ituñok: "Ikusiko dugu otsailean zinema aretoetan estreinatzeko moduan garen". Zineman berdintasunarentz pausoak ematen ari dela adierazi du, baina nabarmendu du asko falta dela egiteko. 

Abeslari profilaz galdetuta, adierazi digu ez duela abeslari gisa ikusten bere burua, baina kantatzera animatzen dela: "Hainbat arteren uztarketa gisa ikusten dut". Era berean, gauza ezberdinak egitera animatu behar dela adierazi du. 

Euskal zinemagintzan esnatze "txiki" bat egon dela azaldu du, eta nabarmendu du hemen egiten dena zabaldu behar dela. Era berean, kultura beharrezkoa dela ere azpimarratu du: "Niretzat kultura da gizakiok emozioak azaltzeko dugun autopista bat; ezinbestekoa da zoriontsuago bizitzeko".