GUREAN GAUR

Imanol Karrera: "Demokraziaren ikuspuntutik, operazio hau ulertezina da"

Imanol Karrera Nafarroako LAB sindikatuko bozeramaileari elkarrizketa egin diogu Hamaika Telebistan. Atzo LAB sindikatuko 6 kide atxilotu zituzten, eta operazio horri buruz hitz egiten hasi gara Gurean Gaur magazinean. Karreraren hitzetan, operazio hau "ulertezina" da demokrazioaren ikuspegitik. "Propagandarako" erabili dutela dio, eta nabarmendu du "kezkatuta" daudela, ikusten dutelako operazio horren atzean mezu bat dagoela: "Ez dute gustuko LABen ekintza feminista eta borroka sindikala".

Zentzu horretan, Karrerak azpimarratu du emakumeek egiten dituzen ekintzek "foku berezia" dutela: "Ahaldundu eta beren eskubideen alde antolatzen badira, ez zaie hainbeste gustatzen", salatu du.

Zerbitzu publikoen defentsan, biharko deitu duten greba izan du hizpide, eta nabarmendu du langileek mobilizatu behar dutela zerbitzu publikoen defentsan, baina horrez gain, herritar guztien borroka dela nabarmendu du. Zerbitzu minimo "abusiboak" salatu dute, eta nabarmendu du horien eragina "mugatu" egin behar dela; bestela, nabarmendu du "zaila" dela "grebaren eragina irudikatzea".

ELAren eta LABen arteko harremanaz galdetuta, nabarmendu du momentu honetan ez dagoela "estrategia amankomunik". Zentzu horretan, salatu du ez dituela aitortzen ELAk ezartzen dituen baldintzak, "berea edo ezer ez". Era berean, ELAk patronalarekiko jarrera aldatu duela salatu du, "aliantza akordio posibilitistak eta desmobilizazioa bultzatuz".

Bide horretan, beren bidea "fronte sozio sindikalak" bultzatzea dela dio, lan zentroetan pizten ari diren borrokak gizartearekin, herri eta auzoekin lotzea: "Hori da LABen apustua, eta ikusi dugu Tubacex en kasuan, esaterako, fruituak ematen dituela". Lan gatazkak hizpide, nabarmenddu du eredu produktiboa berritu behar dela, eta bestelako bultzada eta neurriak behar direla: "Dirua ez dute nahi herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko, baizik eta ahalik eta etekin batzeko; hori da hainbat enpresatan ikusten ari garen logika", salatu du.

Poliziak lan-gatazketan duen jarreraz galdetuta, nabarmendu du botere judizialaren "patronalizazioa" gertatzen ari dela, eta hori "onartezintzat" jo du: "Gobernuek polizia erabiltzen dute langileon mobilizazioak egurtzeko".

Datozen hilabeteetako erronkei galdetuta, "norabide aldaketan" eragin nahi dutela dio, "agenda politikoa baldintzatu eta bestelako gidoi bat ezartzeko; hor dago gakoa". Bide horretan, greba orokorrak planteatzeko momentua dela dio, eta zentzu horretan langileak ahaldundu behar direla dio "determinanteak izateko, eta eragiteko gaitasuna izateko".

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.