GUREAN GAUR

Mikel Arruabarrena: "Datozen asteetan ospitaleetako egoera hobetu egingo da"

Mikel Arruabarrena EAJko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak eragindako pandemiaz hitz egiten hasi dugu elkarrizketa, eta nabarmendu du atzemandako koronabirus kasuen beherakada txikia izan dela, eta beraz, ospitaleetako egoera "hobetu" egingo dela datozen asteetan.

Badirudi alarma egoera igandean amaituko dela, eta beraz, Arruabarrenak adierazi du Jaurlaritza saiatuko dela egunean dauden neurri murriztaileak mantendu eta denboraz luzatzen: "Espainiako Gobernuak epaitegien eta autonomien esku utziko du neurri murriztaile horiek jarri eta eztabaidatzea; bere erantzukizunei muzin egin die", salatu du Gai honek EAJren eta alderdi sozialistaren arteko "tentsio txikia" eragin duela dio, baina zerbait "puntuala" dela nabarmendu du: "Ongi ezagutzen dugu elkar, eta ez daukagu arazo handirik; alderdi helduak gara". Zentzu horretan, nabarmendu du "fokua" jarri behar dela maiatzaren 9tik aurrera zein "estruktura legal" ezarriko dituzten neurri murriztaileak segurtasun juridikoarekin hartzeko: "Hor dago gakoa".

Madrilgo hauteskundeak izan ditu hizpide Arruabarrenak, eta azpimarratu du Madril konfrontaziozko eskuma hori ikusteko "laborategia" izango dela; era berean, azaldu du neurtuko dela Ayuso ea Casadoren itzalean gelditzen den, edo ez.

Europako funtsez mintzatu da EAJko legebiltzarkidea, eta adierazi du Jaurlaritza "saiatu" dela enpresekin kontaktuan jartzen eta informazioa jasotzen; hala ere, nabarmendu du "agerian gelditu" dela "estatuetan" oinarrituta dagoela Europa, eta "ez erregioetan". Tubacex, Aernnova edota La Naval enpresen egoera ere izan du hizpide, eta adierazi du Tubacex-ek etorkizuna duela, eta urte gutxitan enpleguak gorantza egingo duela. Aernnovari dagokionez, azaldu du badirudiela ITPk ez duela "momentuz" erosi nahi, eta beste aldetik, CAF ere aipatu du. Edonola ere, nabarmendu du "interesgarria" izango litzatekeela euskal enpresa batek erostea, "Euskal Herrian errotzeko". Era berean, azaldu du Jaurlaritzak enpresei diru laguntzak ematen dizkienean, "errotzea eta kaleratze ez traumatikoak epe ertainean ez gertatzeko eskatzen diela".

Autogobernuaren ponentzia izan du hizpide legebiltzarkideak, eta nabarmendu du alderdi politikoei "malgutasuna" eskatuko diela biko adostasun soiletik harago, "akordio zabala" erdiesteko. Gernikako Estatutuaz galdetuta, 40 urteko atzerapena izan duela dio, baina egun "nahiko beteta" ikusten duela: "Gizarte segurantzaren eskumena gelditzen da, eta adostu beharko dugu kudeaketak zer esan nahi duen; presionatzen jarraituko dugu", azaldu du.

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.