Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak eragindako pandemiaren egoeraz galdetuz ekin diogu elkarrizketa eta nabarmendu du datuak hobeak diren arrean, pandemia ez dela bukatu oraindik. Hori horrela, "zuhurtziaz" eta "erantzukizunez" jokatzen jarraitzeko deia egin du Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko bozeramaileak.
Nafarroako Gobernuak argitaratu duen kontuen ganbarako txostena izan du hizpide Ruizek, eta nabarmendu du "anbizio handiagoa" espero zutela, hainbat alor "sakonago" aztertu ahal izateko. Izan ere, nabarmendu du akatsetatik ikasteko beharrezkoa dela Gobernuaren jarduna fiskalizatzea. Zentzu horretan, Ruizek azpimarratu du hainbat itzal topatu dituztela txostenean: "Kontratuen %80a ez dakigu zertarako erabili diren, zein enpresetara, nora joan den diru hori... Interes pribatuak gailendu dira Nafarroako ogasunaren gainetik", salatu du.
Era berean, pandemiak agerian utzi dituen hainbat hutsune ere nabarmendu ditu EH Bilduko bozeramaileak; besteak beste, hainbat osasun zentro "txiki" gelditu direla salatu du. Zentzu horretan, zerbitzu publikoak Iruñean zentralizatzeko joera dagoela dio, eta ondorioz, Tuterako edota Tafallako ospitaleetan jarri du arreta Ruizek: "Despopulazioari aurre egiteaz ari garenean, zerbitzu publikoez ari gara. Zerbitzu publikoetan ere inbertitu behar da deszentralizazioaren alde egiteko".
Autogobernua izan du hizpide EH Bilduko bozeramaileak, eta nabarmendu du Nafarroako Gobernuak "itsu-itsuan" jarraitu dituela Madrildik etorri diren neurriak. Era berean, salatu du horrek ondorio "kezkagarriak" utzi dituela Nafarroan, eta salatu du Espainiako Gobernuak pandemia erabili duela "Espainiaren batasuna azpimarratzeko", eta "erabilera politiko eta nazionalista espainola egiteko". Zentzu horretan, azpimarratu du Espainiako Gobernuaren jarrerak agerian utzi duela erabakiak Euskal Herrian hartzeko beharra.
Espetxe eskumena ere izan du hizpide EH Bilduko eledunak, eta ezinbestekotzat jo du espetxe eskumena Nafarroatik bertatik kudeatzea, bestelako espetxe politika eta presoak artatzeko eredu bat garatuko badira. Zentzu horretan, presoen auziaz hitz egin du Ruizek, eta nabarmendu du ez direla nahikoak Espainiako Gobernuak preso batzuk gerturatzeko eman dituen pausoak; hori horrela, presoen auziak "konponbide integrala" behar duela azpimarratu du.
Pasa den asteburuan memoria historikoari buruz Sartagudan egindako jardunaldiak izan ditu hizpide Ruizek, eta Espainiako Gobernua tramitatzen ari den Memoria Demokratikoaren Legearen "gabeziak" salatu ditu: "Oso motz gelditzen dira egia, justizia eta erreparazioaren bidean, eta inpunitatearen bidea irekita uzten du".
Skolae programari dagokionez, Ruizek azpimarratu du Nafarroako Gobernuak ez lukeela atzerapausorik onartu beharko. Aroztegiaren proiektua ere izan du hizpide, eta azpimarratu du herritarrek behin eta berrio ezezkoa esan diotela proiektuari. Zentzu horretan, nabarmendu du Nafarroako Gobernuak "ausardia" gehiago beharko lukeela Aroztegia proiektua gelditzeko, eta herritarren iritzia errespetatzeko.
EH Bilduren 10. urteurrena hizpide, EH BILDren lorpenez eta erronkez mintzatu da Ruiz, eta nabarmendu du azken 10 urteetan sekulako aldaketak izan direla Nafarroako politikagintzan. Era berean, azpimarratu du erregimena desmontatzeko borrokan jarraituko dutela, nafarren eskubideak aitortuak izan daitezen.
Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.