GUREAN GAUR

Amalur Alvarez: "Burujabetzaren beharra agendan sartzea urgentea da"

Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, autogobernuan sakontzeko bidea lantzen hasi behar dute herritarrek, erabakitzeko gaitasun handiagoa izateko: "Erabakitzeko beharra daukagu, erabakitzeko gaitasuna behar dugu, eta gure sistema propioak behar ditugu". Zentzu horretan, Hamaika Gara egitasmoko solasaldietan atera duten ondorioa nabarmendu du: "Burujabetzan sakontzea hil ala biziko kontua izan daitekeela ikusten ari gara; urgentea da gai hori agendan sartzea".

Bere iritziz, "erabat uztargarria" da pandemiari aurre egiteko neurriak hartzea, eta erabaki hori gauzatu ahal izateko baldintzak sortzea. Alvarezek azaldu duenez, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzerako pausoa ematea da beren erronka, eta zentzu horretan, hori gauzatzeko tresnetan jarri dute fokua.

Datorren astebururako zein uztailaren 3rako deitu dituzten mobilizazioak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du "kalea okupatzeko, kalea hartzeko, eta elkarrekin egoteko garaia" dela. Azken urteetan, herritarren parte-hartzea jaisten ari dela-eta, nabarmendu du herritarrak konfiantza galtzen ari direla instituzioetan: "Gure Eskun sinetsita gaude hori iraultzeko bide egokiena demokrazian sakontzea dela", adierazi du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren estatutua izan du hizpide Alvarezek; "lorpen historikoa" izan zela adierazi badu ere, nabarmendu du ez dela nahikoa XXI. mendeko erronkei erantzuteko: "Bada momentua berriz ere agendan kokatzeko". Horretarako, herritarren bultzada ezinbestekoa dela adierazi du: "Gizarte zibiletik egiten dugun lanak emaitzak ekartzen ditu; hori ikusi dugu Katalunian".

Kataluniako eta Eskoziako egoera politikoa izan du hizpide Alvarezek, eta galdera luzatu du: "Europak ukatu egingo dio Europako herrialde bati bere autodeterminazio eskubidea?". Zentzu horretan, Kataluniako zenbait eragilerekin lanean ari direla esan digu, ekimen baten berri eman digu: "Espainiako Estatuan bizi dugun gatazka Europan kokatzeko martxan jarri dugun dinamika soziala iragarriko dugu datozen astean".

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.