Eva Ferreira EHUko errektorea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiak baldintzatutako kurtsoa "gogorra" dela adierazi du, baina "pozik" dagoela nabarmendu du "koonabirusarekin lotutako fokurik izan ez delako". Era berean, "oso lanpetuta" ibili dela adierazi du, baina "oso gustura" ibili dela bere taldearekin: "Gure onena ematen ari gara". Pandemiak izango dituen ondorioak hizpide, nabarmendu du langile guztiek jasango dituztela pandemiaren ondorioak, baina adierazi du "pena" handia eman dietela ikasleek.
Txertaketa kanpainaz galdetuta, "penagarritzat" jo du unibertsitateko langileen jarduna funtsezkotzat ez hartzea. Zentzu horretan, azpimarratu du jendarteak ikusi duela unibertsitatea oso garrantzitsua dela formakuntzagatik zein ikerketagatik. Hain zuzen, unibertsitatean egiten den ikerketa azpimarratu du, eta nabarmendu du txertoa lortzeko oso garrantzitsua izan dela oinarrizko ikerketa hori. Bide horretan, doktorego programak sustatzea oso garrantzitsutzat jo ditu unibertsitateko ikerketak bultzatzeko, eta baita gizartearen ikerketa garatzeko ere.
EHUren etorkizunaz galdetuta, adierazi du erronka nagusia gizartea unibertsitatearen jardunaren erdigunean jartzea dela: "Finantzaketa handitzea ez da zerbait abstraktua, baizik eta ondorio bat; transferentzia handitzen badugu, finantzaketa pribatua handituko da". Zentzu horretan, arlo pribatuan, gizartearen eta arlo publikoaren arteko "oreka handiagoa" lortzea izango da beren helburua, "inklusibitate" handiagoa izango duena, eta gizartearen "aniztasuna" erakutsiko duena.
Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.