GUREAN GAUR

Izortze Santin: "Berriro akats berdina errepikatzen ari gara"

Izortze Santin zientzialari eta EHUko irakaslea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak eragindako pandemiaren egoera aztertu dugu, eta Santinek adierazi du beheranzko joera eten egin dela, eta goranzko joera gertatzen ari dela orain. Zentzu horretan, ez zaio logikoa iruditzen neurriak malgutzea: "Ez dakit zein datu ikusten dituzten horrelako arauak hartzeko; berriro akats berdina errepikatzen ari gara".

Izan ere, nabarmendu du birusak zabaltzen jarraitzen duen bitartean, birusaren aldaera berriak agertuko direla, eta gerta daitekeela aldaera arriskutsuagoren bat agertzea. Zuberoako kasua jarri du adibide: "Ipar Euskal Herrian egoera onean zauden, eta bat-batean 60 kasu agertu dira herri ezberdinetan; argi dago zerbait gertatu dela". Zentzu horretan, txertaketa kanpaina aurrera doan arren, prebentzio neurriak hartzen jarraitu behar dela azpimarratu dute.

Astrazenecaren eta Phyzer-en artean sortu den nahastea hizpide, nabarmendu du ebidentzia zientifikoetan oinarritutako erabaki bakarra Astrazenecaren bigarren dosia hartzea dela: "Gainontzekoak erabaki politikoak dira". Lasaitasun mezua helarazi die herritarrei: "16. astera arte itxaron dezakezue Astrazenecaren bigarren dosia hartzeko; epe hori pasa, eta Astrazenecaren dosirik ez badago, hartu Phyzer. Ez galditu bigarren txertorik gabe".

Zentzu horretan, txerto guztiak "oso seguruak" direla berretsi du, eta orain arteko abiadurarekin jarraituz, nabarmendu du Hego Euskal Herriko herritarren %70a abuztuaren bukaerarako txertatutako egongo dela. Era berean, gazteak txertatu behar direla nabarmendu du: "Ez badugu birusa biztanle gazteen artean zabaltzea nahi, herritar horiek ere txertatu egin beharko lirateke". Azkenik, musukoaren erabilerari dagokionez, ken daitekeela esan du, baina une zehatzetan: aire zabalean, eta inguruan jenderik ez dagoenean. Barrualdeetan, beti musukoarekin", nabarmendu du.

Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.