Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Euskaldunen hizkuntz eskubideen arloan, atzerapausoak "bazirela" adierazi du Gaubekak, baina nabarmendu du pandemiaren arloan atzerapauso horiek areagotu egin direla: "Herritarrek ez dute aukerarik izan euskaraz artatzeko, tramiteak euskaraz egiteko...eta horrek haserrea eragin du", adierazi du.
Nafarroan euskara eztabaidaren erdigunean ezarri da berriz ere, eta Txibitek euskara meritu gisa ez hartzeari buruz egin dituen adierazpenak izan ditu hizpide: "Puntuazioa ezarri arren, herritarrek ez dute zerbitzua euskaraz jasotzeko aukerarik izango, aurrean duenak euskaraz jakin gabe lor dezakeelako lanpostu publiko bat". Horrez gain, nabarmendu du Txibitek ezkutatu egiten duela alemaniera, ingelera eta frantsesa puntuatzen ari dela eremu euskaldunean, eta zentzu horretan, euskaldunekiko "desberdinkeria" mantentzen dutela dio.
Nafarroako Auzitegiak Iruñeko Udala zigortu du behin baino gehiagotan euskararen ordenantza ez betetzeagatik, eta Behatokiko zuzendariak azpimarratu du Iruñeko Udalak ez duela euskara hiriko hizkuntzatzat hartzen. Zentzu horretan, nabarmendu du hizkuntza politikak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko direla, "ez diru laguntza soil bat".
Aste honetan jakin da jaiotze tasa apaltzen ari den arren, D ereduan matrikulatutako haurren kopurua handitzen ari dela. Adieraz du ez zaiola gustatzen eskaria eta eskaintzaz hitz egitea; izan ere, azpimarratu du ikusi dela "berdintasunezko eskaintza" egiten bada, herritarrek euskaraz ikasi nahi dutela". Hori horrela, haur eskolen egoera izan du hizpide, eta adierazi du Iruñeko iparraldeko bi haur eskoletan soilik ikas daitekeela euskaraz: "Hegoaldeko auzoetako gurasoek aukeratu egin behar dute egunero mugitzen ibili, edo gaztelaniazko ereduetan matrikulatu", salatu du. Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoara begira jarrita, Molac legea izan du hizpide, eta nabarmendu du konstituzioa aldatzeaz gain, bestelako neurriak hartu behar direla, eta Frantziak Gobernua ez dagoela horiek hartzeko prest.
Administrazio publikoan euskara eskakizuna ezartzeak hautsak harrotu izan ditu beti, eta Gaubekak salatu du hori euskararekin soilik gertatzen dela: "Diskriminatzailetzat joko lukete titulu bat ez duten langileak administrazio publikoan lanik egin ezin ahal izatea?". Zentuz horretan, administrazioarekin euskarazko harremana izan nahi duten herritarrek "albo-kalteak" jasaten dituztela salatu du.
Migrazioaren gaia hizpide, Behatokiko zuzendariak adierazi du euskara ez dela hizkuntza bat bakarrik, baita kanpotik datorrenari ateak irekitzeko modua ere; hori horrela, ezinbestekotzat jo du instituzioek neurriak hartzea, eta esaterako, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioan pausoak ematea, esaterako. Plataforma digitalak euskaraz bultzatzeko ekimen herritarrak ere izan ditu hizpide, eta nabarmendu du instituzieok neurriak hartu behar dituztela horretarako.
Euskal hiztunek munduan beren tokia erreibindatzeko garaia dela azpimarratu du, "kaleak hartzekoa, eta indibidualki gure eskubideak berma ditzatela eskatzekoa". Hori horrela, Euskal Herriko eragile desberdinen artean lan egiteko ordua dela dio.
Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.