GUREAN GAUR

Unai Urruzuno: "Pandemian Urkullu ez da gune amankomunak sortzeko gai izan"

Unai Urruzuno EH Bilduko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Urkulluren gobernuak pandemiaren arloan izan duen jarrera izan du hizpide Urruzunok, eta adierazi du Urkullu ez dela gai izan erabakiak elkarekin hartzkeo gune amankomunak sortzeko. Pandemiaren aurkako legeaz galdetuta, nabarmendu du lege horrek irudikatzen duela Eusko Jaurlaritzak mantendu duen ildoa: "Inbertsio publiko gutxi, eta neurri zigortzaileak".


Zentzu horretan, Urruzunok nabarmendu du 70 zuzenketa partzial egin dizkiotela lege horri, eta ez dutela bat bera ere onartu. EH Bilduko kideak uste du EAJren estrategiaren ondorio dela hori: "EAJren irakurketa da EH Bilduri ezin zaiola inolako garaipenik aitortu, hori beren aurka doalako; EH Bildu zokoratu bat irudikatu nahi du".

Autogobernua hizpide, Urruzunok nabarmendu du pandemian agerian gelditu dela burujabetza eta herritarren ongizatea eskutik doazela. Presoen arloa ere hizpide izan du, eta nabarmendu du presoen arloan egiten ari diren mugimenduak ez direla nahikoak, "oraindik ere salbuespenezko legediari lotuak daudelako. Horrez gain, adierazi du Euskal Herrian badaudela justizia trantsizionalari buruz hitz egiteko baldintzak, "baldin eta borondatea baldin badago".

Ultraeskuinaren jarreraz mintzatu da EH Bilduko kidea, eta nabarmendu du ultraeskuina "marko politikoa eskuinerantz baskulatzen ari dela, eta horren araberako jokua egiten, Voxen bitartez". 

Bizikidetza eta errelatoaren bataila izan du hizpide, eta nabarmendu du Estatuaren aldetik "terrorismoa egon dela, baita tortura ere, eta Estatuan ez dela ikertu, ezta epaitu ere"; kontrara "saritu" egin dituztela nabarmendu du. Hari horri tiraka, Biktimen Memoriala izan du hizpide, eta Euskal Herrian "inposatu nahi den errelato partzialaren irudia" dlea adierazi du: "Hemen errelato inklusibo bat egin behar da, eta biktima guztiek beren aitortza eta erreparazioa behar dute". Jonan Fernandezek finkatu duen bidea hori dela adierazi du: "Errelato partziala, biktimen kategorizazioa eta egon diren indarkerien inguruko kategorizazioa".

Josu Urrutikoetxearen aurkako epaiketa izan du hizpide, eta adierazi du Frantziak "gatazka politikoari amaiera emateko ezintasuna eta borondate eza dituela". Horrez gain, epaiketa "judizialki sostenaezina" dela salatu du.

Ikus Entzunezko Kontseiluaren sorreraren aurka egin zuten EAJk eta PSE-EEk; Urruzunok hori egiteari egotzi dio "zaildu egiten duelako, nolabait, hedabideen gainean jar daitekeen kontrola". Zentzu horretan, beharrezkotzat ikusten du organo hori sortzea, "EITBk ere behar dituelako kontrolerako edo bere lerroak gidatzeko adostasun eta markoak".

Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.