GUREAN GAUR
Entrevista

Peio Jorajuria: "Ditugun ahal guztiak erabiliko ditugu borrokatzeko"

Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak baldintzatutako ikasturtea "oso luzea" izan dela dio: "Urte osoa pasa dugu moldatzen; gorabehera anitz izan ditugu, eta inprobisaketan aritu gara urte osoan". Hala ere, nabarmendu du lortu dutela ekitaldi nagusiak egitea, eta elkartasuna "biziaraztea".


Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako erabakia izan du hizpide, eta nabarmendu due ebazpenaren arabera D eredua ilegala dela Frantziako lurraldeetan, antikonstituzionala: "Mende baten atzerapauso itxura du horrek". Hala ere, azpimarratu du Ipar Euskal Herrian "mugimendu zabala" dagoela murgiltzearen alde: "Eredu hori zabaltzen ari gara eta horrek du Parisen beldurra sortzen". Bide horretan, Jorajuriak azpimarratu du Ipar Euskal Herrian "denek" ulertu dutela eskolak hiztunak sortu behar dituela: "Euskara irakastea ez da aski, euskara erabil dezaten da gure helburua". Zentzu horretan, nabarmendu du murgiltze eredua atxikitzeko desobedientziarazko bidea hartu behar bada, hartuko dutela.

Ebazpen horren arabera, Frantziak uko egin diezaioke Seaskako irakasleak ordaintzeari: "Legea aldatzea lortu behar dugu, ez ditugulako ahal ekonomikoak ditugun irakasle guztiak ordaintzeko". Zentzu horretan, adierazi du ezinbestekoa dela Konstituzioa aldatzea, eta horretarako, indar guztiak metatu behar direla azpimarratu du. Parisko prentsa gaiaz jabetzen hasi dela dio, eta ikusi dutela iritzi publikoan aldaketa heldu dela: "Zatiketa handi bat sortzen ari da; Ipar Euskal Herriko eragileek ezin dute gehiago ulertu Parisen jarrera".

Brebeta euskaraz egiteko aldarrikapenak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du ikasleak zein irakasleak desobeditzen hasi direla: "Gaia euskaraz ikasten delarik, azterketak euskaraz iragan behar dira". Zentzu horretan, erabakia ministroaren eskuetan dagoela azpimarratu du: "Azterketen gaia ez da lege bati lotua, ministroaren eskutan da; badira legeak azterketak hizkuntza gutxituan egitea ahalbidetzen dutenak".

Datorren urtera begira, adierazi du aldarrikapenez betetako urtea izango dela; zentzu horretan, nabarmendu du Seaskak ezin duela soilik transmisioaren karga bere gai hartu, eta euskal hiztunak sortuko dituen eskola publikoa behar dutela.

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.