GUREAN GAUR

Ainhoa Astigarraga:"Hezkuntza Lege berria hezkuntza pribatua zuritzeko mekanismoa izan daiteke"

Ainhoa Astigarraga Steilas sindikatuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Hezkuntza Lege berria izan du hizpide Astigarragak, eta nabarmendu du "ez dutela ulertzen zertara datorren Hezkuntza Legea onartzeko presa". Nabarmendu du azken bi urteetan "geldirik" egon dela prozesua, eta "bat-batean" makineria guztia martxan jarri dela. Hori horrela, adierazi du kontzertu ekonomikoen itunen iraungipena egon daitekeela horren atzean: "Aurten amaituko dira kontzertu ekonomikoen itunak, eta bernegoziatu egin behar dira; hori horrela, hezkuntza pribatua zuritzeko mekanismoa izan daitekeela uste dugu".


Hezkuntza Lege berria onartzeko eztabaida "behetik" hasi beharko litzatekeela adierazi du Astigarragak; kontrara, nabarmendu du alderdi politikoak elkarrekin hitz egiten ari direla, eta beraz, "goitik behera" hasi dela prozesua.

Sindikatuko kideak aipatu du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak zein Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "deszentralizazioaz" hitz egin dutela, eta deszentralizazio hori "ona" izan daitekeen arren, "zalantzak" sortzen dizkiela onartu du: "Ez dakigu zer duten buruan deszentralizazio hori burutzeko; oso ondo xehetu beharko litzateke gaur egun dauden arrakalak ez handitzeko, sareen arteko lehia ez handitzeko, eta hezkuntza publikoa ez desegiteko".

Segregazioa izan du hizpide, eta nabarmendu du oso eskola segregazio handia dagoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan maila sozio-ekonomikoari lotuta. Maila sozio kulturalari dagokionez, adierazi du Estatu osoan laugarren segregazio mailarik handiena duela Araba, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta horrez gain, adierazi du atzerritar jatorriko ikasleen %67a sare publikoan dagoela, eta %33a sare pribatuan.

EH Bilduren Hezkuntza Lege berriaren proposamenak "argi-ilunak" dituela dio: "Jendeak uste du hezkuntza pribatuaren publifikaziorantz urratsak planteatzen dituela, baina ez da horrela, izaera juridikoa berdin mantenduko delako". Nabarmendu du merkatu logikaren bitartez funtzionatzen duen gizarte honetan, ikastetxeen aurretiko baldintzak ez direla berberakk, eta beraz, sare publikoa eta sare pribatua "ezin direla horrela zuzenean berdindu". Hori horrela, adierazi du hezkuntza publikoa lehenetsi beharko litzatekeela, "hori delako bene-benetan denona dena".

Zentzu horretan, salatu du "klientelismo politiko handia" dagoela: "Hemen dena ituntzen da, eta ez dute pentsatzen horrek sare publikoari kalte egin diezaiokeen edo ez".

Adierazi du D ereduak ez duela euskalduntzea bermatzen, eta nabarmendu du eskola segregazioak ere ez duela horretan batere laguntzen: "Gure apustua euskal murgiltze ereduaren aldekoa da, eta ikastetxe eremua euskaraz blindatu beharko litzateke". Hala ere, adierazi du euskalduntze prozesua ikastetxeetatik kanpo ere egin behar dela, eta inbertsioa egin behar dela aisialdierako, ikastolaz kanpoko ekintzetarako, kulturgintza arlotik.. "Begirada zabalagoa izan behar da".

Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.