GUREAN GAUR

Eduardo Zubiaurre: 'Hainbat jarduerentzat gutxieneko soldata igoera onartzea arazoa litzateke'

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Gaur onartu du Espainiako Gobernuak lanbide arteko gutxieneko soldata 1000 eurora igotzea. Zubiaurrek gurera ekarri nahi izan du egoera; azaldu duenez EAEn %4 inguru dira baldintza horietan direnak. Enpresei dagokienean, igoera horrek "arazoak sortuko ditu enplegua sortu eta mantentzeko" adierazi du.

Lan erreformari dagokionean, "lan arauetan egonkortasuna ematea eta aurreko malgutasun bitartekoak mantendu izana" goraipatu ditu. EAJ eta EH Bilduren eskakizuna zen tokiko hitzarmenak lehenstea erreforma horretan, aurka bozkatzeko arrazoi bat izan da; Zubiaurrek dio "hasieratik argi ikusi genuen ez zela ardura iturria eragile sozialen artean".

Ekonomia alorrean azken hilabeteotan emandako prezioen gorakada eta hornidura falta "enpresen lehiakortasunean" eragina izan duela adierazi du. "Lehiakortasuna galtzea" da Confebasken kezka nagusienetakoa eta horri aurre egiteko, "Europara begira" jartzea proposatu du Zubiaurrek fiskalitateari dagokionean eta, bestetik, Europako Funtsak tarteko, enpresen berrikuntza erronka bat izango dela adierazi du.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus atarian.