GUREAN GAUR

Iñaki Barcena, Ekopol: "Bizitzaren defentsan gauza asko ditugu aldatzeko"

Iñaki Barcena EHUko EKOPOL ikerketa taldeko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Ziurgabetasuna nagusi den testuinguruan, geroz eta agerikoa egiten da eredu aldaketa baten beharra. Barcenak azpimarratu du bizitzaren defentsan gauza asko ditugula aldatzeko, tartean, garraio eredua eta kontsumoa; "Nahitaez, deshazkundera goaz".

Horrekin lotuta, turismoan jarri dugu begirunea. Erpin ugari barnebiltzen dituen sektorea delako, ondorio sozial, ekonomiko eta ekologikoak dakarrena; Barcenaren ustez, "turismo jasangarria" oximoron bat da. Hegazkinen eta gurutzaontzien erabilera gutxitu eta mugatzearen alde agertu da. Oro har, produkzio eta kontsumo ereduetan aldaketak behar direla nabarmendu du, "ez txarrago bizitzeko, baizik eta modu orekatuagoan bizitzeko".

Trantsizio ekosozial justu bat egiteko erronkei buruz ere aritu gara. Ildo horretan, "autoritarismo ekologikoaz" ohartarazi du. Aldaketak beti gizartearen sektore sozial pobreen edo langileen interesen aurkakoak baldin badira, baldintza ekologikoak dirua dutenentzat edo elite batzuentzat soilik izango direla azaldu du; "dagoeneko gertatzen ari da, baina ez da egin behar dugun bidea".

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.