GUREAN GAUR

Amaia Mayor, SATSE: "Gabezia asko ikusten dizkiogu Osasun Publikoaren Lege proiektuari"

Amaia Mayor SATSE sindikatuko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, “berri ona” da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak Osasun Publikoaren Legea izatea. Hala ere, dio proposamenak gabezia handiak dituela hainbat arlotan: buru osasuneko erizaina, espetxeetako osasuna, edota eskolako erizainari dagokionez, esaterako.

Mayorrek erizainen lan baldintzak salatu ditu: “Izugarrizko lan karga dute langileek, eta ikusten dugu Osakidetzan profesional batzuen gabezia daukagula". Besteak beste, soaldata igoera eskatu du sindikatuko bozeramaileak: “Osakidetzako langileei pandemian egindako ahalegina saritzea eskatzen dugu; soldata %8,5 igotzea eskatzen dugu, urtarriletik atzerapenak ordaindu, eta 2023ko urtarrilean beste %2,5ko onartzea. Irailean, adibidez, KPIaren gorakada %9koa izan da, eta aurreko hilabeteetan %10ekoa; beraz, eskasa iruditzen zaigu %3ko igoeraren proposamena”.

Era berean, Mayorrek salatu du gaur egun Osakidetzan dagoen erizain ratioa ez dela nahikoa herritarrak ondo artatzeko: “Europako Batasunean, bataz beste, 8,8 erizain dituzte 1.000 biztanleko, eta Osakidetzan 4,8 erizain dauzkagu; urrun gaude Europako bataz bestekotik. Horregatik eskatzen dugu arlo guztietan erizainen ratioak handitzea, eta batez ere, lehen arretan”.

Familia medikuak eta pediatrak falta direla salatu du: “Pandemia baino lehen ere bagenituen gabeziak, eta emaginen zein buru osasuneko erizainen falta sumatzen genuen; ikusi dugu azken boladan erizainen falta izugarria daukagula, batez ere, udako, aste santutako zein gabonetako oporrak ordezkatzeko”. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio sindikatuekin hitz egin dezala langileen lan baldintzen buruzko erabakiak hartu baino lehen, eta Mayorrek ezinbestekotzat jo du behin behinekotasun tasa jaistea prekarietatearekin zein gaixoen kalitatearekin zerikusi zuzena duelako: “Langileek egonkortasuna behar dute Osakidetzan gelditzeko, prekarietatea delako profesionalen gabeziaren arrazoi nagusia".

Mayorrek nabarmendu du gaixotasun kronikoen jarraipena dela beren “kezka” nagusia; izan ere, langile faltagatik “ahalegin guztiak lehen arretara bideratzen” ari direla dio. Zentzu horretan, gehitu du minbizia edota bestelako behaketa programen probak ere atzeratuta daudela.

Belaunaldi aldaketa izan du hizpide, eta dio epe ertaineko zein epe luzeko neurriak hartu behar direla horri aurre egiteko: “Ezinbestekoa da gaur egungo profesionalak atxikitzea eta profesionalentzako lana erakargarria izatea”. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio presionatu dezala Espainiako Gobernua unibertsitatean erizainen eta erizain espezializatuen plaza kopurua handitzeko.

Era berean, Osakidetzari eskatu dio “oinarrizko eskubideak berma ditzala, eta sinatutako hitzarmenak bete ditzala”. Horrez gain, salatu du erizainak eta emaginak diskriminatzen ari dela Osakidetza: “Ikusten ari gara profesionalen gabeziaren ondorioz, erizainen eta emaginen atsedenak murrizten ari direla, eta ez zaizkiela aplikatzen beste kolektiboei aplikatzen zaizkien konpentsazio neurri berberak; hori diskriminazio zuzena da”.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.