GUREAN GAUR

Iñigo Martinez: "Errekaudazioa inbertsio sozialerako eta jendea babesteko erabili behar da"

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Datorren urteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du diru bilketa inbertsio sozialerako erabili behar dela: "Interbentzio publikoa behar dugu jendea babesteko".

Legebiltzarkideak salatu du EAJk “betoa” jarri diela ezkerreko alderdi guztiei fiskalitateari buruz hitz egiteko, baina nabarmendu du horri buruzko eztabaida “mahai gainean” jarriko dutela datorren urteko aurrekontuen negoziazio prozesuan. Era berean, DESBaren akordioa “ona” dela adierazi du, baina adierazi du ituna zabaltzeko marjina dagoela oraindik: “Lortu behar dugu gehiago zabaltzea eta jende gehiagorengana iristea”.

Ukrainako gerra amaitzeko irtenbide bakarra negoziazioa eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake akordio bat sinatzea dela dio, “Europako Batasunaren partaidetzarekin”. Gehitu du gerrak krisia “areagotu” duela, baina lehendik zetorrela.

Herri-akordioak” lortzeko prest daudela nabarmendu du, baina bi baldintza jarri ditu horretarako: “Edukiak eta sektore publikoa (hezkuntza, osasuna, kultura…) indartzea”. Hori horrela, azpimarratu du bere alderdiak ez duela babestuko eskola publikoa babesteko eta hedatzeko eta segregazioari aurre egiteko neurriak barnebiltzen ez dituen Hezkuntza Legerik: “Gure jarrera irmoa da euskal eskola publikoaren defentsan”.

Etxebizitza Legea ere izan du hizpide, eta nabarmendu du etxebizitza eskubide subjektiboa ez dela betetzen Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan: “Etxebizitza politika publiko indartsua daukagu, baina Etxebizitza Legea garatzeke daukagu, eta Eusko Jaurlaritzak ez ditu horretarako neurriak martxan jartzen”.

Martinezek “ulertezintzat” jo du EAJ-PSE-EEk, PPrekin eta VOXekin batera, arma nuklearrak debekatzeko ituna ez sinatu izana.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.