Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua elkarrizketatu dugu. Arabako mahastigintza sektoreko sor markak eragindako polemika izan du hizpide, eta nabarmendu du Jaurlaritzak sektore horretako hainbat enpresa pribaturen eskaera “legitimoari” bide eman diola: “Dokumentazio guztia Bruselan dago, eta ikusi beharko da behin betiko baimena ematen dion edo ez; bitartean legeak dio behin behineko baimena eman diezaiekegula, eta erabilera hori has daitekeela: eskaera dago eta guri tokatzen zaigu hori ahalik eta egokien kudeatzea”.
Egoera ekonomikoari dagokionez, nabarmendu du Europa atzeraldian sartzen bada arriskua dagoela euskal ekonomiari ere eragiteko. Hala ere, azpimarratu du euskal enpresak “indarrez daudela oraindik inbertsioak egiteko eta lehiakorragoak izateko”. Zentzu horretan, Next Generation funtsak izan ditu hizpide, eta adierazi du proiektu txikiagoak zein handiagoak aurkeztu direla Europako diru laguntza horietara: “Espero dugu ahalik eta azkarren iristea funts horiek; gure enpresak behar dituzte”.
Mercedes Benz enpresaren egoera izan du hizpide, eta dio “argi” dagoela Gasteizko plantan egingo dela inbertsio hori: “Horrek inguruko hornitzaileentzako ere sekulako aurrerapausoa ekarriko du, eta eragingo du enpresa horiek beste mundu baten sartzea, eta mundu hori da autoelektrikoena”. Bestalde, Siemens Gamesak iragarritako kaleratzeez galdetuta, nabarmendu du enpresak “argi” utzi duela “Euskadiren eta Zamudoko egoitzaren aldeko apustua mantentzen” duela.
Energia sektoreari dagokionez, adierazi du oso garrantzitsua dela energia ekoiztea, eta zentzu horretan, azpimarratu du instalazio fotovaltoikoak, eolikoak edota bioamasazkoak egiteko “unea” iritsi dela: “Guztiak behar ditugu, eta orain da unea pauso horik ahalik eta ondoen eman dezagun, berme guztiekin”. Adierazi du 2030. urterako energiaren ekoizpenaren %20ra iristeko helburua jarri zutela, baina trantsizio hori “azaleratu” egin dela dio: “Gaur egun, %20ko helburu hori handitu egin beharko genuke; Europak %40-45eko helburua jarri du”. Statkraftek proiektuan “partaidetza eskaini” diotela azaldu du eta aztertzen ari direla beren partaidetza modua.
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.