Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, Espainiako Auzitegi Nazionalak hainbat euskal presori emandako hirugarren gradua baliogabetu izana “joko-arauen aplikazioa besterik ez da”: “Azken erabakia epaileak dauka; kasu honetan, horrela dira arauak eta horrela aplikatu dira, ez dago besterik. Espetxeetako administrazioak bere lana egiten du, ganoraz eta zentzuz, eta beti ondo oinarrituta hartzen ditu erabakiak”.
Erkorekaren esanetan, horrelako erabakiak egunero hartzen dira eta fokua kasu “konkretuetan jartzen da interesa dagoelako hori nabarmentzeko”. Nolanahi ere, dio “horrek ez dituela baldintzatzen hemengo Justizia Sailak erabiltzen dituen irizpideak eta planteatzen dituen jokamoldeak; ez da urrundik ere”.
Datorren urtetik aurrera, Ertzaintzako agenteek soinean kamerak eramateko erabakiak “gardentasuna” ekarriko duela dio: “Ertzain bakoitzak kamera piztu eta zer egiten duen eta zer egiten ez duen islatuta geldituko da denon onerako, Ertzainaren beraren onerako eta epaileak jokabide horren inguruko prozesuren bat abian jarri behar badu datuak eta frogak mahai gainean izango dituelako gardentasun osoz”. Nabarmendu du protokoloak zehaztuko duela kamera hori noiz eta nola erabili behar den, eta adierazi du erabilgarri izango direla 2023. urtearen amaieran.
Eusko Jaurlaritzak internet bidez salaketak jartzeko aukera zabaldu du, eta uste du horrek benetan formalizatu behar diren eta ertzain-etxeetan egin behar diren salaketak jartzeko baliabideak areagotuko dituela.
Eskumenen transferentzien egutegiari dagokionez, salatu du hori egiteko oztopo nagusia ez dela juridikoa, “borondate politikoa baizik”: “Madrilgo Gobernuak konpromisoa erakutsi du eta hor dago zehaztutako egutegia, baina ez da betetzen ari, eta jarraituko dugu hori bultzatzen”.
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.