GUREAN GAUR

Iker Casanova, EH Bildu: "Patronala gotortuta dago babes politikoa eman zaiolako"

 Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Gurean Gaur magazinean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2023ko aurrekontuen aurreproiektua izan du hizpide, eta nabarmendu du aurtengo aurrekontuek eta iazkoek kopuru berbera dutela inflazioa kontuan hartuz gero: “Aurrekontuak oso urrun daude garai historiko honetan izan beharko luketenarengandik”.

Era berean, legebiltzarkideak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak EH Bilduren babesa edo abstentzioa nahi badu neurri zehatzak hartuko behar dituela “funtsezkoak” diren hainbat gaitan: “Azpiazuri helarazi diogu gai estrategikoen egiturazko aldaketen proposamena, eta jendea babesteko berehalako larrialdiz neurriak ere proposatuko ditugu”. Fiskalitatearen eztabaida “mundu osoan” irekita dagoela dio, eta azpimarratu du Jaurlaritzari dagokiola politikoki fiskalitateari buruzko eztabaida lideratzeko erantzukizuna: “Aurrekontuen kuantifikazioa fiskalitatean oinarritzen da, eta beste fiskalitate bat behar dugu garai berrietara egokitzeko eta administrazio publikoek zerbitzu publikoak indartzeko baliabide gehiago izan ditzaten”.

Azken urteetan, aberastasunaren sekulako kontzentrazioa gertatu dela dio, eta nabarmendu du horri borrokaren bidez buelta eman behar zaiola. Azkenaldian piztutako lan gatazkak izan ditu hizpide, eta horien artean, metalgintzako sektoreko langileek borrokaz mintzatu da: “Patronala gotortuta eta gogortuta dago, azken urteetan eskatu duen guztia jaso duelako politikoki". Bere esanetan, inflazioak jendearen pobretzea eragiten du, eta horren eragina langileek jasaten dute. Zentzu horretan, nabarmendu du Eusko Jaurlaritza aktibatzen saiatu direla: “Gu saiatu gara behin eta berriro inplikazio politikoa aktibatzen, baina Urkulluren erantzuna ezezkoa izan da. Berak neutraltasun faltsua aldarrikatzen du, baina, kasu honetan, neutrala izatea patronalaren alde jokatzea da”.

Energia trantsizioari dagokionez, azpimarratu du hiru elementu nagusi izan behar dituela: energia berriztagarrien aldeko apustua, energiaren kontsumoaren murrizketa eta energia ekoizteko eta merkaturatzeko sistema aldatzea. Legebiltzarkideak azpimarratu du “gure erantzukizuna dela gure beharren zati garrantzitsua energia berriztagarrien bidez lortzea, eta uste du eztabaidatu behar dela nola egingo den hori “ahalik eta ingurumen kalte txikiena eginez, eta energiaren produkzioa, kontsumoa eta eskuragarritasuna demokratizatuz”.

Itxaropen aktiborako eta konpromiso politikorako garaia” dela nabarmendu du, eta azaroaren 12rako ‘Abante’ lelopean Bibon deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.