Olatz Kamara Satseko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, langileek lan baldintza duinak izan behar dituzte, beren arreta “kalitatezkoa” izan dadin, eta Osakidetza benetan publikoa izan dadin.
Horrez gain, Kamarak salatu du mahai sektorialean Osakidetzak ez duela negoziatzeko borondaterik: “Guk aurkezten ditugun gai zerrendak deuseztatu egiten dituzte, eta ez dago zer eginik. Guk negoziatzeko borondatea daukagu, baina mahaitik altxatzera derrigortzen gaituzte. Ezin dugu jarrera inposatzailerik onartu”.
Kamarak gaineratu du itxaron zerrendak “oso handiak” direla, eta nabarmendu du langile falta dela arazoa. Hori horrela, kezkaz bizi dute COVID19ak eragindako pandemiak zer bilakaera izango duen: “Ez dakigu beste kutsadura olatu bat etorriko den edo ez, eta hori gertatzen bada, zailtasunak izango ditugu aurre egiteko". Izan ere, zehaztu du Europar Batasunean, 1.000 biztanleko 8,8 erizain daudela, eta Osakidetzan 4,8koa dela kopuru hori: “Hemengo erizainak atzerrira joaten ari dira, edota Estatuko beste leku batzuetatik etortzen zirenak dagoeneko ez dira etortzen lan baldintzengatik”.
Horri gehitu behar zaio datozen bi urteetan erretiroa hartuko duen erizain kopurua. Bere esanetan, 915 erizain erretiratuko dira Osakidetzan, eta 600 ikasle aterako dira fakultateetatik. Salatu du Osakidetzari eta Osasun Sailari “behin eta berriro” esan diotela hori, eta zenbakiek ez dutela ematen. Hori horrela, gehitu du Unibertsitateetako plazak ere handitu behar direla.
Sindikatuko kideak azaldu du OPEak deitzea berri ona dela, baina adierazi du Europar Batasunak derrigortu duela Eusko Jaurlaritza behin-behinekotasuna %8ra jaistea. Hala ere, nabarmendu du ez dakitela hori lortuko den, ”Osakidetzak ez digulako prozesuan uzten parte hartzen eta negoziatzen". Horrez gain, gezurtatu egin du lanpostu berriak sortuko direnik: “Lanpostuko horiek duela urte asko sortu ziren Osakidetzan, baina ez ziren Osakidetzaren plantillako kideak”.
Kamarak nabarmendu du mobilizatzen jarraituko dutela Osakidetzaren negoziatzeko borondatea errealitate bihurtu arte: “Arazo horiei guztiei irtenbidea eman behar zaie, eta Osakidetzak erantzunez jokatu behar du; gu elkarrizketarako eta negoziaziorako prest gaude”.