Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Energia trantsiziorako proiektuak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du proiektu horiek herritarrentzat izan behar dutela onuragarri, eta ez enpresa handientzat eta administrazio publikoarentzat: “Proiektu horien lehentasunak onura soziala izan beharko luke, eta herritarrekin adostu behar da zein tokitan jarriko diren, nola…”. Zentzu horretan, azpimarratu du EH Bildu lanean ari dela Legebiltzarrean “beste eredu bat” bultzatu nahian, baita herrietan ere, komunitateak sortuz.
Osakidetzako egoeraz ere mintzatu da, eta nabarmendu du hemengo “benetako pandemia Osakidetzaren egoera” dela. Uberak salatu du 2016tik ari direla salatzen lehen arretaren egoera, eta 2018an jada lehen greba egunak egin zituztela; hori horrela, lehen arreta indartzea “urgentziazkoa” dela dio. Zentzu horretan, uste du kontratu “egonkorrak” eta “erakargarriak” behar dituztela langileek, eta “birdimentsionatu” egin behar dela plantilla: “Gobernuaren eredua da lehen arreta baino, zentralizazioa eta ospitale handien eredua. Gobernantza eredua aldatu behar da, eta neurri asko hartu behar dira Osakidetzako egoera konpontzeko: behin behin-behinekotasunari heldu, plantilla berdimentsionatu, belaunaldi aldaketari heldu, kontratazio eredua aldatu…"
De Miguel auziaz ere mintzatu da EH Bilduko legebiltzarkidea, eta azpimarratu du Euskal Herrian pertsona askok “larrutik ordaindu” dutela ustelkeriaren aurka borrokatu izana, eta salatu du EAJk eta PSE-EEk ez dutela “ustelkeriaren aurkako mekanismorik sortu nahi”.
Uberaren esanetan, Conde Pumpidoren adierazpenek erakusten dute demokrazian sakondu beharrean, status quo-a mantentzen saiatzen ari direla. Sedizio delitua ere izan du hizpide, eta nabarmendu du eztabaida “desbideratu” nahian ari diela: “Hau ez da kontu juridiko bat, demokrazia kontua da”.
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.