Nora Abete PSE-EEko Bilboko Udaleko mugikortasun zinegotzia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Airearen kalitatea hobetzeko neurriak jarriko dituzte martxan Bizkaiko hiriburuan, eta horretarako, datu fidagarriak biltzen ari direla adierazi du Abetek. Azpimarratu du datu horiek “onuragarriak” direla herritarrentzat, eta beren erronka izango dela datu horiek herritarrei ongi azaltzea. Izan ere, azpimarratu du mugikortasunak eta emisioek lotura handia dutela, eta baita mugikortasunak eta herritarren bizi kalitateak ere.
Zentzu horretan, nabarmendu du abiadura 30km/h-ra murriztea “oso onuragarria” izan dela hiriarentzat. Bere esanetan, istripu kopurua murriztu egin da, airearen kalitatea hobetu egin da, eta zarata maila ere jaitsi egin da. Horrez gain, azpimarratu du 2023an jarraituko dutela garraio publikoko deskontuekin.
Hiriko igogailuak ere izan ditu hizpide, eta adierazi du Bilbon 60 igogailu daudela, eta gehiago eraikiko dituztela Txurdinagan, Errekalden, Masustegin eta 7 kaleetatik Solokoetxera igotzeko. Solokoetxeako igogailuarekin gertatu denaz galdetuta, adierazi du Solokoetxean igogailu bat bazegoela, baina “egun batetik bestera enpresak erabaki zuela zerbitzua etetea”. Hori ikusita, adierazi du lanzadera bat jarri zutela martxan herritarrei “ahalik eta azkarren” konponbidea emateko, eta beste bi eraikiko dituztela zonalde horretan.
Artxandako funikularraren erabiltzaile kopuruarekin “oso pozik” daudela dio, eta turistek erabiltzeaz gain, Bilboko herritarrentzat “beste garraiobide bat” bihurtu dela dio. Gehitu du bertako geralekua modernizatuko dutela, eta patinaje pistan eguzki plakak jarriko dituztela.
Abetek azpimarratu du beren helburua dela proiektuak auzo guztietara zabaltzea eta nabarmendu du hainbat proiektu jarri dituztela martxan: bizikletak jasotzeko puntuak edota TAO zerbitzua, besteak beste. Era berean, gehitu du “espazioak birnaturalizatu behar direla natura eta pertsonak elkarrekin bizitzeko”.
Maiatzeko udal hauteskundeetan PSE-EEKO alkategaia izango da Abete, eta nabarmendu du “ilusioz” heldu diola erronkari, eta gehitu du beste “lidergo” bat behar duela Bizkaiko hiriburuak.
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.