GUREAN GAUR

Naiara Gutierrez: "Arreta indibidualizatua ematea ezinezkoa da 350 pertsonako zentro batean"

Naiara Gutierrez Zehar-errefuxiatuen erakundeko komunikazio arduraduna elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Gasteizko Arana errefuxiatuen zentroak eragindako polemika izan du hizpide. Bere esanetan, “eztabaida politikoan” jarri zen fokua, eta errefuxiatuek gaur egun dituzten "zailtasunetan” jarri behar zen. Bere iritziz, arreta indibidualizatua ematea “ezinezkoa” da 350 pertsonako zentro batean, eta ez dute eredu hori defendatzen: "Gure apustua da etortzen den bakoitzean bakoitzari behar duen arreta ematea eta gizarteratze prozesuan laguntzea".

Gutierrezek nabarmendu du gaur egungo baliabideekin "oso zaila" dela asiloa eskatzeko aurretiko zita bat lortzea, eta prozesu hori asko luzatzen dela salatu du. Baliabide gehiago jartzea ezinbestekotzat jo du, eta baita borondate politikoa ere: “Ukraniatik etorritako errefuxiatuen kasuan ikusi da borondatea baldin badago babes mekanismoak jar daitezkeela. Espainiako Estatuan asilo eskatzaileen %5ari bakarrik ematen diote asiloa, eta gainerakoei ukatu egiten diete".

Mundu osoko errefuxiatuei laguntza emateaz gain, Deserrotuak kanpaina jarri dute martxan Zehar erakundeko kideek. Bere esanetan, kanpaina horren bidez ikusarazi nahi dute enpresa transnazionalek “eragiten” dutela klima aldaketa, eta herritarrak beren herrietatik kanporatzen dituztela, “behartutako desplazamenduak” eraginez.

Gutierrek "elkarbizitza kulturala" sustatzeko neurriak hartzeko deia egin die alderdi politikoei.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.