GUREAN GAUR

Aitor Bengoetxea: "Bizirik dago UEUren proiektua jendea beti egon delako bultzaka"

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, 50. urteurrena “erakusleihoa” izan da, eta baliatu dute aitorpena egiteko urte hauetan guztietan ekarpena egin duten hainbati: "UEUren proiektua bizirik dago jendea beti egon delako bultzaka; 20.000 lagun inguruko komunitatea daukagu egun".

Bengoetxeak azpimarratu du lan “handia” egin dutela euskara eta unibertsitatea lotzen, baina azpimarratu du oraindik ere lan handia dagoela egiteko euskal unibertsitatea sortzeko bidean. Hori horrela, Bengoetxeak azpimarratu du beren helburua dela “euskal komunitate zientifikoa trinkotzea, saretzea eta elkar ezagutzea”, eta besteak beste, IkerGazte euskarazko ikertzaileen kongresua jarri zuten martxan; maiatzean egingo dute kongresua Donostian.

Bengoetxeak dio beren erronka nagusia dela euskal unibertsitatearen proiektu “erakargarri” eta “egingarri” bat sortzea, baita “herrigintzarentzat eta nazio kohesioarentzat estrategikoak” izan daitezkeen ikerketa lerroak diseinatzea ere.

Goi Institutua hedatzea eta online sistema pedagogiko propio bat sortzea da beren helburua, “etengabeko ezagutzaren eta esperientziaren laborategia”. Horretarako, finantzazioa behar dutela dio, eta baita euskal unibertsitatea legez adostea ere: “Euskaraz unibertsitatean ez aritzea normaltasunez mingarria da, eta besteak beste, gure lana da horri buelta ematen saiatzea”. Era berean, digitalizazioari “buru belarri” heldu nahi diotela nabarmendu du.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.