Ane Alava Ernaiko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, apirilaren 6tik 9ra ospatuko duten Topagunearen karietara. Gazte antolakundeak 10 urte bete ditu aurten, eta Alavak nabarmendu digu topagune “berezia” izatea espero dutela: “Mimo askoz prestatu dugu; 10. urteurreneko topagunea izango da, eta hori gogoan egin dugu topagune honen prestaketa”.
Bozeramailearen esanetan, gazte antolakundeak “antolakuntzari eta borrokari heltzeko bizitzeko modu bat” irudikatu nahi du topagunearen bitartez, balio zehatz batzuen ingurukoa: “Aldaketak eragiteko ezintasun sentsazioa zabaldu nahi dute, eta horri aurre egiteko heldulekua da militantzia; etorkizuna ez dago idatzita, eta gure ekintzekin baldintza dezakegu".
Hamaika ekitaldi egingo dituzte Topagunean, eta Alavak azpimarratu du Euskal Herrian “pil pilean” dauden eztabaidei buruz hitz egiteko 40 hitzaldi baino gehiago antolatu dituztela: “Hainbat eztabaida eta galdera orain planteatu behar ditugu nahi dugun etorkizuna eraiki ahal izateko”. Alavaren hitzetan, “gazte boterearen eta lan militantearen bidez eraikitako herriaren erakusleihoa” izango da topagunea, eta musika eskaintza zabala ere izango da.
10 urte hauetako ibilbideari erreparatuta, nabarmendu du Ernaik “berritasuna, freskotasuna, eta egiteko eta pentsatzeko modu berriak” ekarri dituela, eta hirugarren kongresuan aurrera begirako lerroak oso ondo markatu dituztela dio. Hain zuzen, azken kongresuan teorizatutako “gazte frontea” eratzea izango da antolakundearen eginkizuna: “Ertz ezberdinetan lanean ari diren gazteak elkartzea ezinbestekoa da sistemari arrakalarik sortzeko, zoru komuna izanik burujabetza eta eraldaketa soziala”.
Gazte antolakundeko kideek Iruñean apirilaren 9rako EH Bilduk deitu duen mobilizazioan parte hartuko dute, eta autobusak jarriko dituzte Elorriotik bertaratzeko: “Mobilizazioan parte hartuko dugu heri gisa gure izaera eta nahiak azaltzeko”.
Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.