Emaus mugimendua Frantzian hasi zen II. Mundu Gerraren ondoren, eta hasiera hasieratik helburu soziala izan duela azpimarratu digu Amaia Olaverri komunikazio arduradunak: “Kalean bizitzen ari zen jendea beren etxeetara eramaten zuten, eta hasiera hasieratik kalean zeuden gauzak (kartoiak, metalak…) biltzen eta horiek saltzen hasi ziren. Horrela hasi zen taldetxoa Frantzian, eta gaur egun, 400 talde gara".
Nafarroan, 1972an sortu zen taldea, eta iaz bete zituen 50 urte: “Barañainen, ijito batzuk bizi ziren oso egoera txarrean, eta gazte bolondres batzuk erabaki zuten zerbait egin behar zela familia horiei laguntzeko”. Amaiak azaldu digu Iruñerriko jendeari eskatu ziotela behar ez zituzten gauzak emateko, bilketa handia egin zuten, eta jasotako hori guztia konpondu eta saldu egin zuten. Diru dezente lortu zuten, baita etxebizitza berriak ere, eta Santa Luzia deitutako herria sortu zuten. Gaur egun, oraindik ere etxea mantentzen dute Beltzuntzen, eta 15-20 lagun bizi dira bertan; beste boluntarioak beren etxeetan bizi dira, baina Traperosen parte dira.
Gaur egun, mugimendu handia da, eta Berriozarko biltegi handiaz gain, hainbat denda dituzte Nafarroan zehar. Horrez gain, hitzarmenak dituzte mankomunitate ezberdinekin, eta 13.000 kilo material baino gehiago biltzen dituzte, etxez etxe, arropa edukiontzietatik, dendetatik… Material hori guztia berrerabili eta birziklatu egiten dute: “Sailkatu egiten da eta egoera onean baldin badago, edo konpontzea erraza bada, gure dendetara eramaten dugu; bestela, desmuntatu eta materiala berrerabiltzen dugu”.